Israelen polemika bizia piztu du hainbat hiritako dozenaka errabinok sinatu duten manifestuak. Bertan, Israelgo herritarrei eskatu diete judua ez den orori etxerik ez alokatzeko, «Israelgo lurra Israelgo herriari baitagokio». Bereziki arabiarren aurkako kanpaina bat da. Israelgo Gobernua atzo mintzatu zen jendaurrean gai horri buruz. Benjamin Netanyahu lehen ministroak eta Simon Peres presidenteak rabinoen manifestua gaitzetsi dute, baina, hainbat eragileren ustez, gobernuak ez du nahikoa egin rabinoen aurka.
«Gauza horiek ezin dira erran estatu demokratiko batean, eta are gutxiago estatu judu eta demokratiko batean», adierazi du Netanyahuk. «Nola sentituko ginateke juduei etxebizitzak saltzea debekatuko balukete?». Peres presidenteak, berriz, uste du rabinoen aldarriak «krisi etikoa» sortu duela Israelen. Haren iritziz, Israelgo Estatuaren oinarriak, «estatu judua eta demokratikoa» izatea, «zalantzan» jartzen ditu manifestuak.
AIren kritika gobernuari
Manifestuaren sustatzailea Samuel Eliyahu da, Safed hiriko errabino burua. Duela hilabete batzuk egin zuen aldarria eskutitz baten bidez, eta azken asteetan dozenaka izan dira atxiki zaizkion errabinoak. Joan den hilean, Gutxiengoen Gaietarako ministroak, Avishay Bravermanek, Justizia Ministerioari eskatu zion Eliyahu ikertzeko, baina haren kontrako neurririk ez dute hartu. «Arrazakeria bultzatzeagatik», Eliyahuren eta estatuko edozein langileren aurka gobernuak «diziplina neurriak» hartu behar dituela adierazi du Amnesty Internationalek. Izan ere, errabinoek diru publikotik jasotzen dute soldata. Ahmed Tibi diputatu arabiarrak, berriz, «masa krimena» egitea egotzi die errabinoei.
Eliyahuri sostengua agertu dioten errabinoen artean, ugariak dira arabiarren bazterketaren aldeko mezuak. Zisjordaniako Beit El koloniakoak, adibidez, aldarrikatu du arabiarrei ez zaiela utzi behar Israelen «errotzen».
Israelgo errabinoen manifestua gaitzetsi du gobernuak
Hainbat hiritako buru erlijiosoek bat egin dute juduak ez direnei etxerik ez alokatzeko aldarriarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu