Israelgo Gobernuak osatu duen ministerioen batzordeak onartu ditu jada aske geratu diren lehen presoen izenak. 26 izango dira, eta horietatik 14 Gazan utziko dituzte aske, eta 12, Zisjordanian, Israelgo prentsak jakinarazi duenez. Presoak nortzuk diren hurrengo orduetan esango dute. Edozein kasutan, 1993ko Osloko Akordioen aurretik espetxeratutako presoak izango dira.
Aurreratu dute aske utziko dituztenen artean daudela Hamas mugimenduko zenbait kide. Tartean badira odol delituak dituzten presoak ere, eta horiek parte hartu zuten atentatuetako biktimek agertu dute jada kontrako iritzia; iragarri dute, gainera, helegitea jarriko dutela Auzitegi Gorenean. Israelgo Gobernuak uztailaren 28an onartu zuen 104 preso aske uztea, eta horretarako propio sortu zuen ministerioen batzordea. Batzorde horretan daude lau ministro. Ez, ordea, Benjamin Netanyahu, ebaketa bat egin berri baitiote.
Presoen zerrenda Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuen aholkuak betez osatu dute. Prentsak jakinarazi du Mahmud Abbas PANeko presidentea indartzea duela helburu zerrenda horrek, eta Abbasek egingo die, hain zuzen, lehen ongietorria aske geratuko direnei. Aske geratu aurretik horien izenak Interneten argitaratu beharko dituzte, eta, ondoren, Shimon Peres Israelgo presidenteak sinatu beharko du aske utziko dituen agiria. Armadako buru batek ere sinatu beharko du.
Kolonoentzako etxebizitza gehiago, lurralde okupatuetan
Albisteak, ordea, ez du lasaitasuna eraman lurralde okupatuetara. Horren truke, lehen presoak aske utziko zituela iragarri aurretik Israelgo Gobernuak jakinarazi du 1.200 etxebizitza berri erakiko dituela Jerusalemen eta beste lurralde batzuetan. "Etxeak saltzen jarraituko dugu, Israelgo leku guztietan eraikitzen, Israelgo herritarrei etxebizitza beharrak asetzeko. Hori da zuzena bai argudio sionistengatik baita ekonomikoengatik ere", esan zuen atzo Uri Ariel Etxebizitza ministroak.
Israelgo prentsak uztailean aurreratu zuen AEBak ez zirela eraikitze horien kontra agertuko, presoak aske uzten dituzten unean Israelgo sektore kontserbadoreenak lasaitzeko. Palestinarrek, baina, eman dute euren iritzia. Mohamed Shtaye Al Fatahko kideak koloniak handitzea gaitzetsi du. Gaineratu du Israelek negoziazioak erabiltzen ari dela "berriro" koloniak handitzeko. Abbasek negoziaziorako jarritako baldintzetako bat da kolonia gehiago ez erakitzea.