israel

Israelgo koalizio gobernuak gaur egingo du karguaren zina

Iluntzean egingo dute karguaren zina hurrengo gobernuko kideek. Azken unean, eskuin muturreko Yamina koalizioak uko egin dio koalizioan sartzeari.

Benny Gantz eta Benjamin Netanyahu koalizio akordioa sinatzeko unean. EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 14a
09:57
Entzun

Koronabirusak sortutako osasun krisiari aurre egiteko «larrialdiko gobernu bat» osatuko zutela iragarri zuten Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak eta Benny Gantz Kahol Lavan alderdiko buruak koaliziorako akordioaren berri eman zutenean. Ordea, gobernu berria osatuko duten 36 ministerioak banatzeko orduan, alderdi bakar batek ere ez zuen Osasun Ministerioa eskatu. Kahol Lavanek bazuen kargu horretarako hautagai egokirik, besteak beste, Tel Hashomer ospitaleko arduradun Yitzhak Kreis, baina hark ere ez du kargua eskatu.

Azkenean, Likudek berak hartu du osasunaren ardura, eta Yuli Edelsteinek beteko du postua. Erabakiak, baina, gehiago dirudi zigorra saria baino. Legebiltzarreko bozeramailea izan zen Edelstein azken legealdi honetan, martxoan dimisioa eman zuen arte. Bozen ostean, legebiltzarrak beste bozeramaile bat hautatu behar zuen, baina Edelsteinek uko egin zion bozketa egiteari, Likudek eta Kahol Lavanek koalizio gobernurako akordioa itxi arte. Azkenean, Auzitegi Gorenak esku hartu zuen auzian eta dimisioa eman zuen Edelsteinek.

Osasun Ministerioa «beste erronka bati aurre egiteko gogoz» hartu duela esan du bozeramaile izandakoak Israelgo komunikabideei eskainitako elkarrizketa batean. Lana, ordea, ez da erraza izango. Aurreko Osasun ministroak, Yaakov Litzmanek kritika ugari jaso zituen krisiaren kudeaketarengatik.

Netanyahuk berak atzo iluntzean iragarri zuen koalizio gobernua osatu zuela. Kargua hartzeko ekitaldia, berriz, gaur iluntzean egingo dute, Gantzek legebiltzarreko bozeramaile kargua utzi eta 48 ordura. Bi alderdi nagusien arteko akordioak izan ditu azken orduko aldaketak ere. Esaterako, eskuin muturreko Shas alderdiaren babesa eskuratze aldera, Kahol Lavanek bertan behera utziko ditu hauteskunde kanpainan iragarritako hainbat urrats, besteak beste, LGTB komunitatearen aldeko arauak edota ezkontza zibilak.

Hasieran iragarri baino kide gutxiago ere izango ditu gobernu berriak, eskuin muturreko Yamina koalizioak uko egin baitio parte hartzeari. Naftali Bennetten alderdiak Osasun eta Garraio ministerioak eskatu zituen babesa ematearen truke. Baina Netanyahuk Likudeko Edelsteini eman dio Osasun Ministerioa eta, aldiz, Hezkuntza Ministerioa eta Jerusalemgo idazkaritza eskaini zizkion Bennetti. Hark uko egin zien biei.

Hamar egun barru auzitegira

Ustelkeriagatik bere kontrako epaiketa hasi baino hamar egun lehenago egingo du karguaren zina oraindik jarduneko lehen ministro denak. Ustelkeria, iruzurra eta agintekeriaz jokatu izana egozten diote Likudeko buru Benjamin Netanyahuri.

Fiskal nagusiak iazko otsailean iragarri zuen Netanyahuren aurkako salaketak aurkeztuko zituela; hiru urteko ikerketak utzitako frogetan oinarritu zuen erabakia. Karguak, ordea, ez zituzten iazko azarora arte aurkeztu, eta epaiketa bera ere atzeratu egin zuten, osasun krisia zela eta.

Hiru ustelkeria kasutan nahasita egotea egozten diote jarduneko lehen ministroari: 1.000 kasuan, Netanyahuri eta haren familiari leporatu diote bederatzi urtez 230.000 euroren opariak onartu izana, tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean hobari fiskalak eman zituela uste dute.

Bigarren kasuan, 2.000n, agintariari egozten diote Yedioth Ahronoth egunkariko zuzendari Arnon Mozesekin adostu izana kazetaren aurkari zuzena den beste egunkari bat ahultzea, lehenak Netanyahuri tratu hobea ematearen truke. Eta hirugarren auzian, 4.000 deiturikoan, leporatzen diote Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematea, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.