Israel

Israelgo Parlamentuaren konfiantzazko botoa lortu du Netanyahuk

Israelgo Gobernu berria abian da ofizialki. Netanyahuk Barne Ministerioa beste norbaiten esku utziko duen argitzeko dago oraindik; beretzat gordetzeko asmoa adierazi izan du, gerora koalizioa zabaltzeko aukera izateko.

Benjamin Netanyahu, atzo, Israelgo Legebiltzarrean. JIM HOLLANDER, EFE
2015eko maiatzaren 14a
09:06
Entzun

Hauteskundeak irabazi eta bi hilabetera lortu du Benjamin Netanyahuk gobernua osatzea. Gaur iluntzean aurkeztu dio parlamentuari bere kabinetea, eta haren konfiantzazko botoa lortuta ekin dio bere laugarren agintaldiari.

Oraingoz jakinarazi dutenez, kabinete berriak 26 kide izango ditu, Netanyahu bera barne. Horietatik hiru Juduen Etxea koaliziokide ultraeskuindarrarentzat izango dira. Ez nolanahikoak, gainera: Justizia, Hezkuntza eta Nekazaritza eta Landa Garapena. Moderatuagoa izateko ospea daukan Kulanu alderdiari Eraikuntza Ministerioa, Finantza eta Ingurugirorako kartilak agindu dizkio Netanyahuk; eta bi alderdi ultraortodoxoek Ekonomia Ministerioa eta Hezkuntzako zein Finantzetako azpiatal batzuk kudeatuko dituzte.

Gainerako sailak bere alderdiko kideen artean banatu ditu Netanyahuk: Moshe Ya'alonek Defentsa ministro izaten jarraituko du, eta beste zortzi kide arduratuko dira Energia eta Azpiegituraz, Komunikazioaz, Ongizate eta Gizarte Zerbitzuez, Afera Estrategikoez, Kultura eta Kirolaz, Zientzia eta Teknologiaz eta Turismoaz. Orain arte Barne Gaietarako ministro izan den Gilad Erdanek —Netanyahuren zerrendako bigarrenak— Barne Ministerioaren ardura esakatu dio lehen ministroari, eta hura lortu ezean kabinetetik irteteko mehatxua egin dio. Netanyahuk, baina, zalantzak agertu ditu horren inguruan; kartila hori beretzat gordeta, geroago koaliziokide gehiago erakar ditzakeelakoan dago.

Izan ere, bost alderdiko koalizioak gehiengo estu-estua izango du parlamentuan: 61 diputatu bildu dituzte 120 eserlekuko ganberan. Aliantzako kide guztiak asebetetzearren, ministerio kopurua handitzeko lege bat onartarazi dio Netanyahuk parlamentuari. Atzo onartu zuen Israelgo Legebiltzarrak egungo ministro kopuruaren muga kentzea; 18 ministroko langa gainditu eta ministro kopuru mugagabea izatea onartu zuten. Horri eskerrak Netanyahuk bete ditzake gobernu kide izango dituen alderdikideekin harturiko konpromisoak. 

Atzoko Legebiltzarreko bozketa boikoteatzeko mehatxua egin zuten alderdikide dituen Likudeko zenbait diputatuk. Baina azkenean, aldeko botoa eman zioten erreformari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.