Israelgo soldaduek hartu dute goizean Rachel Corrie itsasontziaren kontrola Gazako kostaldera iristea eragotziz, eta Israelgo Ashdod portura eraman dute, "marinelen erabateko laguntzarekin", iturri militarrek esan dutenez. Agindu bezala egin diote eraso itsasontziari, baina "istilurik gabe, baketsua" izan da ekintza. Militarrek lau aldiz agindu diete marinelei norabidea aldatzeko, baina haiek entzungor egin eta sartu dira soldaduak barkura.
Rachel Corrieren gaineko mehatxuak goizetik areagotu dira itsasontziak Gazara bidea jarraituko zuela esan ondoren, eta Avital Leibovitch armadaren bozeramaileak irratiz egin die azken deia arduradunei esanez soldaduek itsasontziaren kontrola hartuko zutela desbideratzen ez baziren. "Prest gaude, behar izanez gero, armak erabiltzeko". Armarik ez dutela behar izan esan dute ondoren, baina itsasontzia euren esku dagoela.
Bi gerraontzi militar izan ditu eskoltan flotillak, goiz-goizetik, giza laguntza antolatu duten ekintzaileek esan dutenez. Gaza kostatik 50 bat kilometrora zegoela hasi dira eskoltatzen.
Bien bitartean, Egiptotik Gazara bidaltzekoak ziren laguntzak ez duela baimenik jaso salatu du Arabiar Medikuen Batasunak. Joan den asteazkenean eskatu zuten baimena Kairon, baina ez dute Egiptoko Gobernuaren erantzunik jaso oraingoz.
Turkia Israelen kontrako lege ekinbideak aztertzen ari da
Turkiako Justizia ekintza legalak aztertzen ari da Israelen kontra, Askatasunaren flotillan gertatutakoagatik. Gazara giza laguntza eramaten ari zela Israelgo armadak eraso, eta bederatzi ekintzaile turkiar hil zituen. Hiru lagun desagerturik daude.
Istanbuleko Fiskaltzak susmagarritzat ditu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, Ehud Barak Defentsa ministroa eta Gabi Ashekanzi armadaburua, eta gertatutakoaren nahikoa froga biltzen baditu hilketaz, bahiketaz, pirateriaz eta nazioarteko uretan turkiarrei eraso egiteaz akusatuko lituzke, Zaman komunikabidearen arabera.
mundua
Israelgo portura iritsi da 'Rachel Corrie' itsasontzia, armadaren zaintzapean
Israelgo armadak giza laguntza daraman 'Rachel Corrie' itsasontziari eraso dio Gazan sartzea eragotziz, eta Israelgo Ashdod portura bideratu du. "Ekintza baketsua, istilurik gabea" izan da, hala ere, armadak jakinarazi duenez. Bi gerraontzik gidaturik heldu da itsasontzia portura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu