Israelgo soldaduek bost miliziano palestinar hil dituzte Gazan

Borrokak izan ostean tirokatu dituzte; ekintza latzena izan da, iragan urtarrilean su-etena aldarrikatu zenetik

Erredakzioa
2009ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Israelgo soldaduek bost miliziano palestinar hil zituzten atzo Gazan. Karni eta Nahal Oz pasabideen arteko eremuan borrokak piztu ziren goizeko lehen orduan. Hainbat miliziano mugara hurbildu ziren, autoz eta zaldiz, eta mugaren beste aldean zeuden soldaduei erasotzen saiatu ziren. Golani Brigadako soldaduak ziren. Soldaduek tiroka erantzun zuten. Hainbat lekukoren arabera, borroka gogorrak izan ziren soldadu eta milizianoen artean, ordu erdi iraun zuten borrokek. Israelgo armadak, ondoren, airez erasotu zituzten milizianoak. Gaza Hiriaren ekialdean airez erasotu zituen hainbat ekintzaile Israelek.

Gazan inoiz egindako operazio militarrik handienaren ostean, aldeek, bakoitzak bere aldetik, aldarrikatu zuten su-etenaz geroztiko ekintza latzena izan zen atzokoa. Iragan abendua eta urtarrila artean, Israelek 22 egunez eraso zion Gazari. Orotara 1.400 palestinar hil zituen, eta beste bost mila zauritu. Gaza erabat suntsituta gelditu zen. Aldeek urtarrilaren 18an aldarrikatu zuten menia, eta, orduz geroztik, lasaiagoa zen egoera, erabatekoa ez bazen ere. Israelek su-etenarekiko duen konpromiso ahularen erakusgarri da atzoko ekintza, Ismail Haniarentzat. Hamaseko lehen ministroaren hitzetan, palestinarren kontra egiten jarraitu du Israelek.

George Mitchell Ameriketako Estatu Batuek Ekialdeko Hurbilerako duten ordezkaria hara iristekoa zen egunean izan zen erasoa. Bake prozesua sustatzeko asmoarekin joan da Mitchell. Barack Obama presidenteak israeldarren eta palestinarren arteko «berehalako» negoziazioak nahi dituela jakinarazi zuen Mitchellek: «Presidenteak eskatu dit ahalegin guztiak egiteko negoziazioak lehenbailehen has daitezen baldintzak sortzeko».

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea negoziatzeko prest agertu da, baldintza batekin; Israel Errepide Mapa betetzeko. Khaled Meshal Hamaseko buruzagia, berriz, palestinarren arteko bake prozesuaz aritzeko joan da Egiptora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.