Israeli urtebeteko su-etena eskaini dio Hamasek, Egipton bi aldeak, bitartekarien bidez, egunotan egiten ari diren negoziazioetan. Hamasek Gazan dituen iturriek eman dute gaur horren berri.
Israelgo gobernua, bere aldetik, prest agertu da 18 hilabeteko "lasaialdi" baterako" eta Gazako blokeoa partzialki kentzeko, baina erresistentziako talde nagusiak nabarmendu du su-etenak gauzatzeko Israelek blokeoa erabat kendu beharko duela, eta nazioarteko legeriak aintzat hartzen duela erresistentzia armaturako eskubidea.
"Kairon dagoen (Hamasen) ordezkaritzak baimena du su-etenaren auziaz eta (Gazako) sarbideak berriro irekitzeaz hitz egiteko ez ezik, palestinarren arteko adiskidetzea berriz lortzeaz ere aritzeko", azaldu du Hamaseko iturri batek.
Kairon egiten ari diren negoziazioetan, Israelgo Defentsa Ministerioko ordezkari Amos Gilad jenerala, Egiptoko zerbitzu sekretuetako buru Omar Suleiman eta Hamaseko ordezkari Aiman Taha dira ordezkaritzetako buruak.
Berri iturri palestinarrek adierazi dute Hamasek konpromisoa har dezakeela urte eta erdiko behin-behineko su-etenerako, eta Israel hamar urte arteko "lasaialdi" baterako prest legokeela.
"Berme hobeagoko su-etena"
Tahak Dubaiko Al Arabia telebistari azaldu dio zeharkako elkarrizketen helburua iazkoa baino "berme hobeak" dituen tregoa hitzartzea dela. Iaz sei hilabeteko su-etena hitzartu zuten bi aldeek, ekainetik urte bukaera arte, baina Israelgo armadak hainbat eraso egin zituen, tartean azaroaren 4an, eta gutxienez bost palestinar hil zituen. Su-etenak abendu bukaeran iraungitzen zuen, eta Israelgo armadak hura urratu zuela argudiatuta, hura ez luzatzea erabaki zuen erresistentzia palestinarrak.
"Israelek iradoki du 18 hilabeteko su-etena onar lezakeela, sarbideak berriz irekitzearen eta blokeoa partzialki irekitzearen truke, baina Hamasek hori errefusatzen du: blokeoa erabat bukatu behar da", nabarmendu du Tahak.
Hamaseko beste ordezkari batek, Ismail Raduanek, atzo Gazan adierazi zuen ez dutela erresistentzia armatua bukatuko duen su-eten luzerik onartuko, "okupazioa dagoen bitartean, herri palestinarraren legezko eskubidea baita erresistentzia".
Gazaren eta Israelek 1948an okupatutako lurren arteko muga irekitzeaz gain, Egipto eta Palestina artekoa (Gazako Rafa hiriko muga) ere irekitzeko exijitzen du Hamasek. 2006ko bozetan Gazan eta Zisjordanian (Jeusalem ekialdea barne) eginiko hauteskundeetan alderdirik bozkatuena izan zen Hamas, baina gobernua osatu eta gutxira Israelen, AEBen eta Europako Batasunaren blokeoa jasaten hasi zen, baita Gazako herritarrek ere.
Bien bitartean, Israelgo Defentsa ministro Ehud Barak baikor agertu da gaur Kairoko negoziazioen gainean: "Uste dut (Israelgo) hegoalderako lasaialdi luze baten hasieran gaudela; lortu dugun disuasioaren ondorioa da hori". Abenduaren 27tik urtarrilaren 19a arte Israelgo armadak Gaza eskualdearen kontra eginiko bonbardaketa eta suntsitze etengabeari deitu dio "disuasio". Erasoaldi horretan Israelgo armadako gerra aireko, tanke, soldadu eta itsasontziek 1.400 bat palestinar (gehienak zibilak) hil, beste 5.500 bat zauritu eta milaka lagun etxerik gabe utzi dituzte, azpiegitura, eraikin eta etxebizitza ugari suntsituta. Hamasek eta erresistentzia palestinarreko beste talde batzuek, aldiz, 10 soldadu eta hiru zibil israeldar hil dituzte. Beste soldadu bat bere kideen tiroz hil zen.
Giza eskubidearen aldeko erakunde ugarik, baita NBEko ordezkari batzuek ere, Gazan "gerra krimenak" egin izana eta zibilen kontra debekatutako armak (fosforo zuria, kasu) erabiltzeaz akusatu dute Israel. Honek hori ukatu du.
Bestalde, Hamasek gaur ukatu egin du bere buruzagi eta Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministro izandako Mahmud al Zahar erasoaldian zauritu zenik.
Palestina
Israeli urtebeteko su-etena eskaini dio Hamasek, Egiptoko negoziazioetan
Tel Aviveko gobernua, bere aldetik, prest agertu da 18 hilabeteko "lasaialdi" baterako, baita hamar urterako ere, eta Gazako blokeoa partzialki kentzeko. Baina erresistentziako talde nagusiak dio edozein su-eten gauzatzeko, lehenik Israelek blokeoa erabat kendu beharko duela, eta gogorarazi du nazioarteko legeriak aintzat hartzen duela erresistentzia armaturako eskubidea okupazio baten aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu