Azken urteetako istilurik handienak gertatzen ari dira Tibeten, batik bat, Lhasa hiriburuan, Txinaren okupazioaren aurka. Radio Free Asia irratiak zabaldu duenez, Txianko Poliziak gutxienez bi manifestari hil ditu tiroka. Zaurituak, berriz, asko lirateke. Monje budistak dira protesta horien bultzatzaile nagusiak.
Halaber, hainbat denda eta auto erre dituzte hiriburuan, eta gainerako saltokiak itxita daude. Hainbat turistek tiro hotsak ere entzun dituztela adierazi diote Efe agentziari.
Goizean bi monje tibetarrek beren buruaz beste egiten saiatu direla zabaldu du Radio Free Asia-k “protesta moduan”. Zainak mozten saiatu dira, eta eskuak eta bularra ere zaurituta dituzte. Erietxera eraman dituzte, eta larri daude. Hainbat iturriren arabera, zaila izango dute bi monje horiek bizirik ateratzea. Lhasako monasterio bateko lider budistek ere gose greba hasi dute gaur.
Pasa den igandean hasi ziren istiluak Tibeten, Txinaren okupazioaren aurka monje tibetarrek egin zituzten protestekin batera. 1959an egin zuten matxinadaren urteurrena zela-eta hasi zituzten protesta horiek. Hala ere, Txinako gobernuak atzo adierazi zuenez, egoera “kontrolpean” daukate.
AEBetako Tibeteko enbaxadak Lasha hiriburutik ateratzeko dei egin die beraien herritarrei, eta asteburuan kontuz ibiltzeko aholkatu diete. Hainbat bidai agentziek ere Tibeterako bidaiak gestionatzeari utzi egin diotela azaldu dute, herrialdeak bizi duen “tentsio egoera” dela-eta.
Mundua
Istilu handiak Tibeten, Txinaren okupazioaren aurka
Poliziak gutxienez bi manifestari hil ditu tiroka, irrati baten arabera. Hainbat denda erre dituzte, eta bi monje tibetarrek bere buruaz beste egiten saiatu dira protesta moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu