Mundua

Istiluak izan dira Irlanda iparraldean, martxa orangistak direla eta

Hainbat lagunek harrika eta 'molotov' koktelez egin diote aurre Poliziari Belfasten eta Portadownen. Unionistek hainbat hiri eta herritan egin dituzte desfileak, 1690ko bataila bat gogoratzeko.

2008ko uztailaren 12a
18:34
Entzun
Aurten ere istiluak ez dira falta izan Uztailaren 12ako -jai ofiziala Irlanda iparraldean- martxa orangisten inguruan, baina ez dira 1980ko eta 1990eko liskar eta enfrentamenduen tamainakoak izan. Errepublikanoek hainbat protesta eginez, eta gazte batzuek harrika eta molotov koktelez PSNI Poliziari aurre eginez adierazi dute beren protesta, martxa batzuk auzo nazionalistetan barrena -auzotarren desioaren kontra- egin dituztela salatzeko. Liskarrak Belfasten eta Portadownen izan dira, eta Rasharkin herrian (Armagh konderria) orangisten egoitzari su eman diote ezezagun batzuek.

Nolanahi ere, unionistek hainbat desfile egin dituzte Irlanda iparraldean, nagusiki Belfast, Portadown, Dromara, Tandragee eta Colerainen. 1690ean protestanteek irabazitako bataila bat, Boynekoa (Irlanda hegoaldean), gogoratu dute Orangeko Ordenako kide eta jarraitzaileek.

Uztaila-abuztua marching season edo martxen sasoia izaten da Irlandan. Urtean zehar ere hamaika desfile orangista egiten badituzte ere, uztailaren 12ko festa da nagusia egutegi unionistan. Horixe ospatu dute gaur milaka lagunek, bereziki Irlandako iparraldean. Australia, AEB eta Kanadako logia orangistetako kideek era parte hartu dute. Guztira 19 desfile egin dituzte gaur.

Boyne herrian -Irlandako erdialdean dago-, 1690eko uztailean gertatutako bataila gogoratzen dute unionista eta orangistek. Urte hartan -artean Irlanda osoa zegoen ingelesen menpe- Ingalaterrako Koroagatik lehiatzen ari ziren bi agintariren arteko bataila sonatua gertatu zen, baina ez Ingalaterran, honen koloniarik zaharrenean baizik. Orangeko William -Herbehereetakoa zen- errege protestantearen indar ingelesek James errege katoliko ingelesaren tropak menderatu zituzten. Botere oreka eta interesak zirela eta, Vatikanoak errege protestantearen garaipena txalotu egin zuen, eta Te Deum bat egiteko agindu zuen gero.

Martxen sasoian, Irlandako Errepublikan -Dublinen eta Donegallen bereziki-, Eskozian, Australian eta AEBetan ere egin ohi dituzte desfileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.