Larunbatetik atzora bitarteko egun istilutsuen ondoren, greba eguna dute gaurkoa Grezian. Bi milioitik gora lagun ordezkatzen dituzten GSEE eta ADEDY sindikatuek egin dute deialdia, Gobernua krisiaren kudeaketa txarra egiten ari dela salatzeko eta eskubide sozialak bermatzeko eskatzeko. Funtzionarioen eta ikasleen elkarteen babesa jaso dute, besteak beste, eta garraio publikoa eta aireportuak geldirik dira.
Nazioarteko albiste agentziek zabaldu dutenez, Atenas erdialdean jendea ari da biltzen sindikatuek deitutako mobilizazioetan parte hartzeko.
Azken egunetako istiluen ondoren greba deialdia bertan behera uzteko eskaera egin die sindikatuei eta beste elkarteei Costas Caramanlis lehen ministroak, baina ez dute aintzat hartu eta aurrera segitu dute protesta ekitaldiekin. Asteburuko istiluak lehertu baino lehenago zegoen greba antolatuta.
Poliziak 16 urteko mutil gazte bat tiroka hil izanak piztu zituen larunbatean hasi eta atzo bitarte iraun zuten liskar handiak. Baina Poliziaren jokabidearen kontrako jarrerarekin, oro har, agintarien eta Caramanlis kontserbadorearen Gobernuaren aurkako protesta nahia plazaratu da egunotan. Ustelkeria praktikak eta ekonomiaren kudeaketa txarra egotzi diete manifestariek agintariei.
Mundua
Istiluen ondoren, greba eguna Grezian
Besteak beste, garraio publikoa geldirik daqo, eta baita aireportuak ere. "Justizia soziala" eskatzen dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu