ITALIA. LURRIKARA. Iragarritako hondamendia

Martxoaren hasieran Giampaolo Giuliani zientzialariak ohartarazi zien agintariei hilaren amaieran seismo handi batek astinduko zuela herrialdea, baina inork ez zion sinetsi.

arantxa elizegi egilegor
2009ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Duela hilabete inguru bozgorailudun furgoneta bat ibili zen L'Aquilako kaleetatik barrena, herritarrei ohartaraziz aurki lurrikara handi bat izango zela, eta etxetik ez irteteko aholkua emanez. Giampaolo Giulianiren oharrak, ordea, agintariak haserretu zituen, eta «alarma pizteaz» akusatu zuten. Ez zioten sinesgarritasunik eman haren oharrari, eta Italiako Babes Zibileko arduradunak «tenteltzat» jo zuen. Giulianik oharra egin eta egun gutxira, baina, lurrikara batek astindu du Abruzzo eskualdea, eta milaka biktima eragin. Agintariek berretsi dute lurrikara aurreikustea ezinezkoa zela; Giulianik berak, aldiz, haieiegotzi die erantzukizun osoa. «Jende batek barkamena eskatu behar du. Besteak beste, Babes Zibileko arduradunak, Guido Bertolasok. Kontzientzia karga handia dute».

Italiako Astrofisikako Institutu Nazionaleko zientzialaria da Giuliani, eta 2001ean hasi zen lurrikarak aurreikusteko sistema ikertzen. «Turkian lurrikara izan zen urte hartan eta normalean baino radon kopuru handiagoa zegoela konturatu ginen». Gran Sassoko laborategietako geologoak ia bi urte egin zituen gas hori ikertzen, ohartu zen arte lurrikara izan baino lehenago radon kopurua nabarmen igotzen dela. «Gas geldoa da radona, eta oso astuna, gainera. Guk garatu dugun makinak radona aurkitu eta neurtzen du, gas kontzentrazioak aztertuz. Horri esker, lurrikara bat non eta noiz izango den iragar genezake sei eta 24 ordu inguru lehenago, eta kasuen %80an asmatu egiten dugu». Giulianiren esanetan, ordea, oraindik ikertzeko asko dago; izan ere, aurreko kasuan berak lurrikara martxoaren 31n izango zela iragarri zuen, eta astebete beranduago suertatu da.

Sinesgarritasun eza

Azken egunetan lurrikara txikiak izan dira Abruzzo eskualdean. Baina agintariek ez diete garrantzirik eman horiei, argudiatuz inguru horretan ohikoak direla halakoak. «L'Aquila inguruan mugimendu sismiko ugari izaten dira urtean. Lurrikara bat dagoen aldiro agertzen da jendea esanez berak iragarri zuela. Baina orain arte ez dut inor ezagutu lurrikara hau zehaztasunez iragarri duenik. Ezinezkoa da lurrikarak iragartzea», adierazi du Babes Zibileko arduradunak. Harekin bat etorri da Silvio Berlusconi lehen ministroa ere, eta nabarmendu du ez dela horretaz eztabaidatzeko unea: «Laguntza lanetan jarri behar ditugu orain indarrak, aurrerago ere eztabaidagenezake lurrikarak iragar daitezkeen edo ez».

Giuliani, baina, ez dator bat Berlusconi eta Bertolasorekin. Haren esanetan, martxoaren amaierarako egindako iragarpenean ere ez zuen erabat huts egin, lurrikara txikiak izan baitziren L'Aquila inguruetan. «Azken bederatzi urteetako lurrikarak ikertzen aritu gara, eta bildutako datuen arabera, aurkitu dugu L'Aquilan hainbat seismo txiki izaten direla garaitsu honetan. Aurtengoak, ordea, normalean baino indartsuagoak izan dira, neurri batean, ilargiaren eraginaren ondorioz». Dena den, herritarrak lasaitu nahi izan ditu, esanez aurten ez dela antzeko astindu handirik izango.

Era batera edo bestera, lurrikarak iragartzeko sistemak zientzialarien artean pil-pilean dagoen gaia da. Ikerketa asko daude martxan, baina gaur arte batek bakarrak ere ez du lortu seismo bat zehaztasun osoz iragartzea. Italiako Geofisikako Institutu Nazionaleko buru Enzo Boschiren ustez, hala ere, Italian lehendik ere izan dira antzeko lur mugimendu handiak, baina ez zaie jarraipenik egin. «Lurrikarak izaten ditugu, baina ondoren ahaztu egiten gara haietaz. Ez dugu neurririk hartzen hurrengorako, ez eta arretarik ere seismoak handiagoak diren eremuetan eraikitzerakoan». Oraingoan, agintariek beste era batera erantzungo duten itxaropena agertu du Boschik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.