Italiak azalpenak eskatu dizkio NATOri, joan den asteazkenean etorkinak zeramatzan ontzi bati ustez ez ziotelako lagundu. Hirurehun lagun inguru zihoazen ontzian, Libiatik Italiako Lampedusa uhartera. Bizirik irten zirenen arabera, ehun bidaiari inguru uretara bota behar izan zituzten,gosez edo jende artean itota hil zirelako.
Italiako agintarien arabera, inguru hartan zebilen NATOren ontzi bati eskatu zioten etorkinei laguntzeko, baina haiek ezetz erantzun zuten. Azkenean, Lampedusako kosta zaindariek lehorreratu behar izan zuten ontzia; lau ordu behar izan zituzten hara ailegatzeko.
NATOk, ordea, beste bertsio bat eman du. Adierazi duenaren arabera, Italiak bidalita zituen erreskaterako ontziak laguntza eskatu zietenerako, eta horregatik eman zutela ezezkoa.
Berriro halakorik ez gertatzeko, Mediterraneoan dabiltzan ontzien arteko elkarlana obetzeko eskatu du Laura Boldrini UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak.
Franco Frattini Italiako Atzerri ministroak, berriz,NATOren eginkizunak egokitzeko eskatu du. Hala, gerratik ihes egiteko haien bizitza arriskuan jartzera behartuta daudenei laguntza emateko betebeharra ezartzea proposatu du.
Itsasoan desagertuta
UNHCRk adierazi duenearen arabera, martxoan Libiako erregimenaren aurkako protestak hasi zirenetik, gutxienez 1.500 lagun desagertu dira itsasoan, Afrikatik Europara ihes egin nahian. Beste askok, ordea, lortu dute haien helmugara heltzea. UNHCRk jakinarazi du hilabeteotan 24.000 errefuxiatu inguru ailegatu direla Libiatik Italiara.
Italiara iristen diren asko, ordea, ez dira libiarrak, Libiara lanera joandako afrikarrak baizik.Boldriniren ustez, horiek zaila izango dute babes politikoa jasotzea. Horregatik, harrera sistema bat ezartzeko eskatu dio Erromari, etorkinak klandestino bihur ez daitezen.
Italiak NATOren ontzien jokaera ikertzeko eskatu du, laguntza ukatzeagatik
NBEren arabera, 1.500 lagun galdu dira itsasoan martxoan Libiako protestak hasi zituztenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu