Italiako epaileak Berlusconiren atzetik dabiltzala salatu du PDL alderdiak

Defentsa abokatuek 'Ruby auziaren' ikerketa paralelo bat abiarazi dute Parlamentuan

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Milango Fiskaltzak Italiako lehen ministoaren kontrako jazarpena abiarazi du hark ordezkatzen duen erakundeari kalte egiteko», Antonio Leone PDL Askatasunaren Herria alderdiko bozeramaileak dioenez. Italiako Parlamentuko Baimen Batzordean esan ditu Leonek hitzok.

Izan ere, batzorde horrek Milango Fiskaltzak eginiko eskaria onartu ala ez erabaki behar du otsailaren 14a baino lehen. Baiezkoa emanez gero, Fiskaltzak Giuseppe Spinelli Silvio Berlusconiren kontu eramailearen bulegoak miatuko ditu. Eta Fiskaltzak Parlamentuko Baimen Batzordean aurkeztutako sumarioaren arabera, bertan omen daude Berlusconik sexuaren truk Rubyri ordaindu ziola agertzen duten frogak. Milango Fiskaltzari miaketak egiteko baimena ez emateko eskatu zion atzo Leonek Baimen Batzordeari. Bestalde,«ez dago inolako jazarpenik», oposizioko alderdien ustez. Fiskaltzak botere abusua eta adingabeen prostituzioa bultzatzea leporatu dio .

Berlusconiren abokatuek Milango Fiskaltzaren hipotesi nagusiaren kontrako ikerketa paralelo bat aurkeztu zuten atzo Parlamentuko Baimen Batzordearen aurrean. Defentsarentzat «lekuko giltzarriak» diren 29 lagunen galdeketak daude tartean. Rubyk berak sinatutako agiri batek dio ez duela inoiz Berlusconirekin harreman sexualik izan.

Irainak telebistan

Astelehen gauean Berlusconik Ruby auziaz hizketan ari ziren L'Infidele telebista programara deitu zuen telefonoz. «Programa ezatsegina da, modu erdeinagarrian, zitalean eta higuingarrian aurkeztua», esan zuen haserre, aurkezleari hitz egiteko aukerarik ere utzi gabe.

Oposizioak salatu du «muga guztiak» gainditu dituela. Nolanahi ere, eskandaluak eskandalu, lehen ministroak ez du gizartearen babesik galdu. Azken inkesten arabera, bozak gaur eginez gero PDL izango litzateke garaile, %30eko babesarekin. Gainera, herritarren erdiek uste dute Berlusconik ez lukeela dimititu behar Ruby eskandaluagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.