Italiako Senatuak onartu egin du Montiren gobernu berria

Lehen ministro berria Giorgio Napolitanok «inposatu» egin izana kritikatu du Silvio Berlusconik

Erredakzioa
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Italiako gobernu berriak gainditu du lehen proba, Senatuaren onespena lortu baitu. «Europako Batasunaren etorkizuna Italiak datozen asteetan egiten duenaren araberakoa izango da», esan zuen atzo Mario Monti lehen ministro berriak, eta senatarien konfiantza eskatu bere programa aurkeztu ostean. Gobernu berria «nazioaren esfortzuaren erakusle» gisa definitu du, eta «larrialdi egoera hobetzeko» lan egingo dutela. Montik, halaber, argi utzi du gobernuan politikaririk egon ez arren haien zeregina ez duela «gutxiesten».

Bigarren urratsa gaur egin beharko du, Ordezkarien Ganberaren aurrean. Azken orduko ezustekorik ezean, teknikoez osaturiko Erromako gobernu talde berriak ez du arazorik izango berehala lanean hasteko. Silvio Berlusconiren oniritzia, aldiz, ez du horren erraz eskuratuko. Lehen ministro ohiak Giorgio Napolitano presidentearen aurka jo du, Montiren aukeraketa «inposatu» egin duela salatuz, eta hori demokraziaren urrapena dela aditzera emanez. «Lehen ministro berriaren legealdiak noiz arte iraungo duen guk erabakiko dugu», gaineratu du.

Ikasleak, kalera

Ikasleek ere ez dute eskuzabalik hartu gobernu berriaren izendapena, eta ehunka lagun kalera atera dira protesta egitera. «Bankariz» osaturiko administrazio berria kritikatu dute, hain zuzen, Garapen Ekonomikoaren, Azpiegituren eta Garraioen ministro izendatu berri duten Corrado Passera Italiako bigarren finantza erakundeko zuzendari exekutiboa baita 2007az geroztik, Intesa Sanpaolokoa.

Atzo, Ikasleen Nazioarteko Egunean, Milan, Erroma, Bologna, Florentzia, Napoli eta beste 60 hiritan elkarretaratzeak egin zituzten. Milanen, gainera, bi pertsona zauritu ziren Bocconi Unibertsitateari erasotzeko saioan: gazte bat eta kazetari bat. Ikasleek botatako suziri batek begian eman zion kazetariari. Hain zuzen, Monti lehen ministroa Bocconi Unibertsitateko presidente izan da orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.