Italian bizi nahi duten etorkinek, hemendik aitzinera, bertze neurriekin batera, italieraren azterketa bat gainditu beharko dute bertan bizitzeko baimena eskuratu nahi badute. Hala dio atzo indarrean jarri zen dekretuak. Eskuin muturreko Lega Nord alderdiak aurkeztu zuen proposamen hau, eta joan den ekainaren 4an sinatu zuten dekretua Roberto Maroni Barne ministroak eta Mariastella Gelmini Hezkuntzakoak.
14 urte baino gehiago duten etorkinek egin beharko dute azterketa. Webgune batean izena eman beharko dute, eta hiru hilabeteren buruan Poliziak jakinaraziko die azterketaren data eta tokia. Frogan italierazko testu laburren eta ohiko esaldien ulermena neurtuko zaie etorkinei. Galderen %80 ongi erantzun beharko dute gainditzeko. Hori lortuz gero, Italian bizitzeko baimena eskatu ahalko dute, eta, bertzela, bigarren aldiz aurkezteko aukera izanen dute.
Zenbait kasutan, ordea, Italiako Gobernuak salbuespenak eginen ditu etorkinen artean. Italieraz dakitela frogatzen duen agiririk badute, edota ikasketak Italiako eskolan egin badituzte, edo unibertsitate ikasketak edo masterren bat italieraz egin badute, ez dute azterketa egin beharko. Enpresaburuek, irakasleek, ikertzaileek eta itzultzaileek ere ez dute azterketarik egin beharko.
Doako ikastaroak etorkinei
Unibertsitate batzuek, gobernuarekin elkarlanean, doako ikastaroak eskainiko dizkiete etorkinei. Oposizioko alderdi nagusia, PD Alderdi Demokrata, ez da azterketak egitearen aurka agertu, baina etorkinen eskura ikastaro gehiago paratu beharko liratekeela aldarrikatu du. Azterketarako izen emateko modua ere kritikatu du, etorkin anitzentzat Internet ez baitago eskuragarri.
Indarrean jarritako dekretua, Silvio Berlusconi lehen ministroaren gobernuak immigrazio politika gogortzeko hartutako azken neurrietako bat izan da. Atzo bertan, itsasoko immigrazioari aurre egiteko akordioa sinatu zuen Libiarekin.
Italian bizi nahi duten etorkinei hizkuntza azterketa eginen die gobernuak
Eskuin muturreko Lega Nordek bultzatutako ekimena da; doako zenbait ikastaro jarriko dituzte etorkinentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu