KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Iturin 50 gerrillari lendu hil dituzte kasko urdinek

MONUCeko soldadu pakistandarrek FNI gerrillako kideei eraso diete Loga herriaren inguruan

AGENTZIAK
KINSHASA
2005eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoan Nazio Batuen Erakundeak duen bake misioko (MONUC) kasko urdinek lendu etniako berrogeita hamar gerrillari hil zituzten, herenegun, Ituri eskualdean. 1999. urteaz geroztik gerra zibil bat pairatzen duen ipar-ekialdeko eskualde horretan bertan, bederatzi kasko urdin hil zituzten gerrillariek, iragan otsailaren 25ean.

Nazioarteko erakundeko misioko 250 kasko urdinak pakistandarrak eta hegoafrikarrak dira ekintza militar bat egin zuten herenegun Iturin, hain zuzen ere, eskualdeko hiriburu Buniatik 30 kilometro ipar ekialdean kokatua dagoen Loga herriaren inguruan. Operazio militar horretarako, ibilgailu blindatuak eta gerra helikopteroak baliatu zituzten kasko urdinek. MONUC misioko bozeramaile Dominique Demange lotinante-koronelak eman zuen atzo ekintzaren berri: «Gutxienez berrogeita hamar bat gerrillarik bizia galdu dute eta, gure aldetik, bi soldadu pakistandar zaurituak izan dira». Operazio zergatik egin zuten zehaztu zuen eledunak: «Borrokak gertatu diren gunea Kakwa hiriaren goialdean kokatuta dagoen lautada bat da eta handik haizatu behar genituen bertako zibilak mehatxatzen zituzten gerrillari lenduak» .FNI Fronte Nazionalista eta Integrazionista gerrilla erakundeko kideak ziren hildako guztiak. Lendu etniako pertsonez osatuta dagoen gerrilla talde honek hima etniako herritarrei etengabe erasotzen diete azken hilabeteotan.

Kongoko agintariak, pozik

@:



Ituri eskualdeko 70.000 herritarrek euren etxeetatik ihes egin behar izan dute azkenaldiko borrokak direla eta. 1999. urteaz geroztik, baina, beste 500.000 pertsonek erbesteratu behar izan dira. Lendu eta hima etnien arteko gerra zibilak, berriz, 50.000 hildakotik gora eragin du. Kongoko Errepublika Demokratiko osoan gaur egun zabalduta dauden 16.500 kasko urdinetatik 5.000 baino gehiago daude Iturin.

Nazioarteko erakundeko ordezkari William Lacy Swingek aurki ekintza gehiago egon daitezkeela ohartarazi zuen atzo: «Ekitaldi zabal bat egin dugu eta hurrengo egunetan gehiago egon daitezke». Adolphe Onusumba Defentsa ministroak, berriz, ekintza militarra txalotu zuen: «Milizia hauekin akabatzeko egiten den guztia herritarren mesederako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.