Fukushimako zentral nuklearreko erradioaktibitateak elikagaiak eta ura kutsatu dituela jakina zen joan den astetik, baina beldurra zabaldu da Japoniako Gobernuak Fukushimako eta inguruko barazki kutsatuen zerrenda plazaratu duenetik eta hiriburuan iturriko ura edatea umeentzat kaltegarria dela onartu duenez geroztik. Erradiazio maila handituz doala jakiteak, gainera, merkatuetako barazki salmenta geldiarazi du, kutsatuen artean jarri ez dituzten produktuena ere bai, eta botilako ura, berriz, amaitzen ari da.
Kutsatutako 11 elikagairen zerrendaren berri eman du Naoto Kan lehen ministroak, berak zuzenean eta telebistaz; aza, azalore, espinaka eta brokolia tartean, eta esnea ere jarri du produktu kutsatuen artean. Fukushima eta Ibarakitik datozen produktuak debekatu dituzte, atzeman duten erradiazio altuagatik, baina leku kaltetuez harago, haurrentzat normaltzat jotzen diren erradiazio neurriak bikoiztu ditu urak, eta hori dela-eta txikienei iturriko urik ez emateko eskatu dute —helduei ez diela kalterik eragiten nabarmendu dute—, baina ez erosteko behar duten baino botilako ur gehiago.
Itsasoko ura ere kutsatua dagoela eta, itsas produktuak ere ez kontsumitzeko neurriak jarri dituzte; tsunamiak dagoeneko hainbat arrantza gune garrantzitsu irentsi zituen. Itsasoko uraren kutsadurak etorkizuneko jarduera asko baldintzatuko duela eta, beldur dira arrantzaleak. Zientzialari batzuk, berriz, kexu dira erreaktoreak hozteko erabili duten itsasoko urak zerikusi handia izan duela kutsaduran, ostera itsasora bota dutelako. Gobernuak iragarri du TEPCO zentralaren kudeaketaz arduratzen den enpresari kalte-ordainak eskatuko dizkiola nekazari, abeltzain eta arrantzaleentzat.
Lur eta itsasoko produktuen kontrolari dagokionez, astelehenean egin zuten azkena, eta ordutik jarri du gobernuak erabateko debekua hainbat produktutan. Onartzen den baino 160 zesio gehiago atzeman dutela esan dute, baina eremu kaltetuetatik ateratzen diren elikagaiak erabat kontrolatuta dauzkatela.
Japonian ez ezik, handik kanpo ere hasi dira neurriak hartzen, eta lehenak AEBak izan dira, hango produktuak inportatzeko debekua jarri dute seguruak direla ziurtatzen den arte. AEBek batez ere itsas produktuak erosten dizkiote Japoniari, eta inportatzen dituen elikagaien %4 datoz handik. Japonia inguruko herriak ere neurriak hartzeko prestatzen ari dira. Txina, Hego Korea, Hong Kong, Taiwan eta Thailandiak kontrol bereziak jarri dituzte, eta Europako Batzordeak, berriz, oraingoz baztertu egin du inportazioetan murrizketak jartzea, baina herri guztiei gomendioa egin die handik datozen produktuen erradiazioa neurtzeko.
Erreaktoreak ezin kontrolatu
Uste baino zailagoa egiten ari zaie Fukushimako zentral nuklearreko erreaktoreak kontrolpean hartzea, eta atzo bertan bigarren erreaktoreak istripua izan zenetik erradioaktibitate mailarik altuena isurtzen ari zela jakinarazi zuen Segurtasun Nuklearraren Japoniako Agentziak. Orduko 500 milisievertera iritsi ziren, eta horrek lanak etetea eragin zuen. Erradiazioa saihesteko hozte funtzioa galduta daukate lehenengo, bigarren eta hirugarren erreaktoreek, eta hori martxan jartzeko arazoak dituzte.
Hildakoak eta galdutakoak 24.000 direla esan dute.
Iturriko urak haurrentzat onartua den erradiazio mailaren bikoitza du Tokion
Fukushimako bigarren erreaktorean inoizko erradiazio altuena jaso dute, eta lana eten dute behin-behinean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu