Aste guztian zehar bilerak egin dituzte CUPeko lurralde batzordeek. Horietan guztietan hartutako erabakiak igandean aztertuko ditu Kontseilu Politikoak azken hitza esan aurretik. Azken erabakia zein izango den jakitea ia ezinezkoa da, ordea, izan ere, koalizioan era guztietako iritziak daude Artur Masen inbestidurari buruz. Horiek hala, ANCk bultzatuta, herritar talde bat 24 orduko itxialdia eta gose greba egiten ari da, gobernu akordioaren alde.
@tancadadejuni son moltes il.lusions molts esforços de tantíssina gent#Acordigovern!!!
— ANNA LINARES DOMENEC (@annamarialinare) January 2, 2016
Azken egunetan ugaritzen ari dira CUP-i erabaki har dezala eskatzen dioten ahotsak. Tartean Generalitateko jarduneko presidentea bera. Masek urte bukaerako hitzaldia baliatu du CUP estutzeko. Ezker subiranistari ohartarazi dio "erabakitzeko betebeharra" duela, "gobernu egonkor bat" osatu eta "hautetsontzien mandatua bete ahal izateko". Haren izendapenaren inguruko zalantzei buruz hitz egin du jarduneko presidenteak. "Hiru hilabete daramatzagu negoziatzen, eta gobernua osatzeko dago oraindik".
Badira, ordea, kontrako iritzia dutenak, joan den astera arte CUPeko buruzagitzako kide zen Xavier Monge esaterako. Mongek hala idatzi zuen sare sozialetan: "Bada garaia errealitatea mahai gainean jartzeko: prozesua Kataluniako politikagintzako iruzurrik handiena da".
Bihar jakingo da
Joan den igandekoa berriz gerta ez dadin —hamabi orduko batzarra eta hiru bozketaren ostean, erabakirik gabe amaitu zuten—, sinpletu egin dute bozkatzeko modua. bi proposamenen artean hautatu beharko du Kontseilu Politikoak: lehenak Masen hautagaitza baztertzea dakar —eta hauteskundeak aurreratzea—, inbestidura saioan hamar abstentzio edo aldeko bost eta kontrako beste bost boto emanda. Bigarrenak, berriz, onartu egingo luke, aldeko bi botorekin eta zortzi abstentziorekin.