Itzuli da, baina ez da bueltatuko

Aske eta Frantzian da Strauss-Khan, baina oraindik ez du argitu zein izango den bere etorkizun politikoa

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Gaur goizean goiz iristekoa da Dominique Strauss-Khan Parisko Roissy-Charles de Gaulle aireportura. New Yorketik Frantziara eginiko hegaldiaren ostean, atzean utzi du hilabeteotako «amesgaizto bidegabea». Maiatzaren 14an, artean Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari nagusia zela, sexu harremanak izan zituen New Yorkeko Sofitel hoteleko Nafissatou Diallo langilearekin. Bortxaketa salatu zuen Diallok; Manhattango Auzitegi Gorenak, berriz, bertan behera utzi ditu Strauss-Khanen kontrako kargu guztiak —sexu erasoa eta bortxaketa tartean—, akusazioaren froga faltagatik. Berriz aske dela, etxera itzuli da politikari sozialista, baina, azken uneko ezusterik ezean, ez da bueltatuko 2012ko presidentetzarako lehiara.

«Monte-Cristo kondearen erarako itzulera egingo duela uste izatea pixka bat eleberri gisakoa da», aitortu zuen iragan astean Jean Christophe Cambadelis-ek, Strauss-Khanen eskuineko eskua izandakoak Libération egunkarian. Martine Aubry PS Frantziako Alderdi Sozialistako idazkari nagusiaren hautagaitza defendatzen du orain Cambadelisek, bost aste barru hasiko diren hauteskunde primarioetarako. Urriaren 9an egingo dute lehenbiziko itzulia, eta astebete geroago bigarrena.

Hala ere, PSk iragan uztailaren 13an itxi zuen barne hauteskundeetan lehiatzeko hautagaitza aurkezteko epea. Strauss-Khan ez da garaiz iritsi, eta, ezusterik ezean, sei hautagairen artean izango da lehia: Aubry, François Hollande, Segolene Royale, Manuel Valls, Arnaud Montebourg eta Jean Michel Baylet independentea.

Hautesleek ez dute nahi

Primarioen bezperan, poza baino enbarazu gehiago ekarri dio PSri Strauss-Khanen itzulerak, hark joka dezakeen rolak klte egin baitiezaioke alderdiaren irudiari. Maiatzaren erdialdera arte, bera zen 2012ko hauteskundeetan Nicolas Sarkozyri aurre egiteko hautagai sendoena. Sexu aferak, ordea, goitik behera aldatu ditu Frantziako boto-emaileen joerak. BVA etxearen inkesten arabera, bost frantziarretik lauk ez dute Strauss-Khan primarioetako lehian sartzerik nahi. Ezkerzaleen %77 daude hura itzultzearen kontra, eta eskuinzaleen %89. Gainera, PSk bozak irabaziko balitu Strauss-Khan gobernuan ez sartzea nahi dute hautesleen %56k.

Sozialistak beldur dira abuztuaren 23ak —epaileak kargutik kendu zuen egunak— kalte egingo ote dion hautagaien kanpainari, maiatzaren 14ak primarioen hasiera zapuztu zuen eran. Jendaurrean, dena dela, hitz politekin hartu dute NDFko zuzendari nagusi ohiaren itzulera. «Sekulako lasaitua izan da niretzat», esan du Aubryk. Royalek, berriz, adierazi du arnasa hartzen laga behar zaiola, lasaitasuna berreskuratu behar duela. «Bitartean, sozialistok gure lana egingo dugu». Politikara bueltatu ahal izateko bidean, Hollandek utzi dio atea zabalenik, esana baitu herrial- dearentzat erabilgarria izan daitekeela ekonomiaren arloan hark duen jakintza.

Hasia da lasterketa

PSren barne eztabaidetan Strauss-Khanen itzuleraren mamua oraindik airean badago ere, oso zaila luke lehen lerrora berehalakoan bueltatzea. Dialloren bortxaketa salaketatik onik atera arren, bizkarrean darama oraindik mehatxu judiziala. Batetik, AEBetan abian da haren kontrako prozesu zibila, Diallok jarritako salaketaren ostean; bestetik, Frantziako Justiziak atariko ikerketa bat du irekia, Tristan Banon idazle eta kazetariak 2003ko ustezko sexu eraso batengatik jarritako salaketaren harira.

Bitartean, hasia da presidentetzarako hautagaia aukeratzeko lasterketa. «Abiadura lasterketa bezalakoa da hau: bakoitzak bere kalean egiten du arineketan; ez zaie gainerakoei traba egin behar, eta norgehiagoka onartu behar da, hots, eztabaida», esan du Aubryk. Azken inkestek ez diote garaipenik iragartzen idazkari nagusiari. Journal du Dimanche egunkariak argitaratutako inkestaren arabera, Hollandek botoen %41 jasoko ditu primarioetako lehen itzulian, eta %55 bigarrenean. Aubryk, berriz, %31ko babesa jasoko du lehen itzulian, eta %45ekoa bigarrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.