Serbiako nazionalistek eta sozialistek egindako gobernu akordioari oniritzia eman dio parlamentuaren gehiengoak, eta Ivica Dacic sozialista lehen ministro izendatu du. Hamar orduko eztabaida luzea izan da, atzo goizaldera arte luzatu dena. 2001az geroztik boterean egon den DS Alderdi Demokratikoaren aldaketa gauzatu da, beraz. Hain zuzen, herrialdeko indar nagusia nazionalistak bilakatu direla-eta EB Europako Batasunari begira Belgradek zer jarrera hartuko duen izan dute mintzagai Europako hedabide handienek, baina Dacicek egoera ekonomikoan zentratu du bere lehen hitzaldia. Neurritasun politikak estatuaren aparatuari ezarriko dizkiola hitzeman du, eta ez herritarrei.
Serbiaren arazorik larriena demografikoa dela erran du Dacicek parlamentuan eginiko hitzaldian, eta jaiotza tasa hazteko neurriak hartuko dituela adierazi du. Hori, egoera ekonomikoarekin lotu du. «Zuzenduko dudan politika ekonomikoak ez lieke herritarrei eskatu behar gerrikoa gehiago estutzeko, aitzineko aroan haien bizi-maila anitz jaitsi baita», erran du lehen ministroak. «Gobernuak, parlamentuak eta estatuaren aparatuaren bertze zatiek, finantza sektoreak barne, gure herritarren patua partekatu beharko lukete».
EBn sartzeko asmoa
Europari buruz, EBn sartzeko prozesua biziagotzeko asmoa duela adierazi du Dacicek. Batasuneko kide izateko hautagaitzat onartu dute aurten. DSren gobernuaren erronka handienetako bat izan zen EBn sartzea. Dacic bera eta SPS Serbiako Alderdi Sozialista ere gobernu horretako kideak ziren, eta helburu bera partekatu zuten, beraz. Tomislav Nikolic egungo presidentearen SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoia nazionalista zen hasiera batean integrazioaren aurka lerratu zena, baina jada azken hauteskunde kanpainan jarrera anitz baretu zuen, EBn sartzearekin bat egiteraino.
Kosovoren independentzia onartzeko ez duela inongo asmorik berretsi du, baina hori ez da traba izanen Serbia EBn sartzeko, batasuneko 27 kideetatik bortzek ere ez baitute onartzen. Hala ere, Boris Tadic aitzineko presidentearen aroan Kosovoko agintariekin abiarazitako elkarrizketa politikoarekin jarraituko duela hitzeman du Dacicek.
Dacicen bazkide aldaketa
Iragan maiatzeko parlamenturako hauteskundeak SNSk zuzendutako koalizioak irabazi zituen, 250etik 73 jarleku lortuz. DSk, ordura arte boterean zegoenak, 67 eskuratu zituen —bertze bortz alderdi txikiagorekin koalizioan—. Giltza SPSren koalizioaren esku gelditu zen orduan, 44 diputatu baitzituen. Parlamenturako bozekin batera egin ziren presidentea hautatzekoak, eta Dacicek berak aitortu zuen Tadic DSkoaren alde eman zuela botoa. Gobernua eratzerako orduan, baina, azken lau urteetako bazkidea baztertu eta SNSrekin elkartu zen. DSren arabera, Dacicek lehen ministro hautatzeko exijitu zien, eta onartu ez ziotelako SPSko buruak nazionalistengana jo zuen.
DSren agintaldian Barne ministroa izan zen Dacic, eta orain ere kargu horri eutsiko dio. SPS Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente zenak sortu zuen 1990ean. Haren aroan alderdiko bozeramaile izan zen Dacic.
Ivica Dacic sozialista hautatu dute Serbiako lehen ministro
Nazionalistekin partekatuko du gobernua; egoera ekonomikoan zentratu du hasierako hitzaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu