Maria Doris Riveraren bizitza joan-etorri etengabea da.Kolonbiako Meta eskualdeko Vistahermosa lurretatik desplazatua,bost seme- alabak hartu eta berreraiki behar izan du bizitza, hutsetik hasi, behin eta berriz. Iraganean, nekazaria, gazt- gaztetatik lanera behartua,«umeak besterik eman ez» dizkion senarrari lotua. Egun batetik bestera, ordea, gizon armatuak etxean sartu, eta familia osoaren etorkizunaz kargu egin behar izan zuen. «Bat-batean ezer gabe geratzea oso gogorra da. Izateko arrazoia galtzen da inora desplazatzen zaituztenean. Ez duzu besterik. Lurretatik joan edo hiltzen zaituzte».
Gobernuak gorrien marraztu dituen eremuan sortzea izan da haren zoria, eraso dionari aurre egitea haren delitua. Batzuetan paramilitarrak dira, beste batzuetan segurtasun indarrak: «Gerrillarien eremua dela aitzakia hartuta, botatzen gaituzte. Haiekin gaude, edo bestela terrorista gara, baina Kolonbian FARCez gain, gerrillez gain, beltzak, era guztietako marak, paramilitarrak eta gaizkileak daude».
Gertatzen dena kontatzera
Arrasateko Kultur Etxean izango da gaur (19:00) bere lekukotasuna ematen, iraganaz eta orainaz hitz egiten. Mundubat erakundeak gonbidatuta dago gurean, ezen hamar urte daramatza giza eskubideen aldeko mugimenduetan lanean; Asodemuc bakearen eta emakumeen giza eskubideen aldeko erakundean. Desplazatuak babestea eta aholkatzea du ogibide, laguntzea nekazari guneetatik hirietara ezer gabe iristen direnean, baita presoei eta haien senideei laguntzea ere. Desplazatu gisa sailkatuta 5.000.000 pertsona dituzte, baina, haren ustez, hori benetako kopuruaren erdia baino ez da. «Egunero ihes egiten dute askok, ez dakite eskubide batzuk dituztela, eta horiek eska daitezkeela. Laguntza gutxi da, baina bada zerbait, nora ezean dabilenarentzat».
Paramilitarrek, armadak edo legez kanpoko edozein taldek euren lurretatik ateratzen dituztenean eska dezakete laguntza hori, «edozerengatik ematen ez badizute ere». Lurrak berreskuratzea da, ordea, zailena. «Lur horiek nekazariei kentzen dizkiete, eta gerrillaren aitzakiak denetarako ematen du, multinazionalen esku jartzeko batez ere».
Bogotan, zurrunbiloaren erdian, lasaiago bizi da, ez oraindikhiru hilean behin-edo bizitokiz aldatu gabe, mehatxatua dagoelako. «Atentatu askotatik atera naiz bizirik eta, orain ere, arriskuan dago nire bizitza.Edozein kale bazterretan daude ezkutatuak, baina giza eskubideen alde lan egiteko erabakia hartua dut, eta horretan jarraitzeko asmoa».
Mehatxuak komunitateetan egindako lanagatik jaso ditu, lehen aldiz desplazatu ondoren, lurrak berreskuratzen eta herrixkak antolatzen aritzeagatik; antolatzeko beharra izateagatik. Zinegotzi ere izan da, hanka egin aurretik, alkatea handik ez joateagatik hil zuten herrian.
Orain Bartzelonan izango da otsailean etxera itzuli arte. Behin-behineko errefuxiatu baimena dauka, nazioarteko babesari esker, «Kolonbian gertatzen ari denaz hitz egiteko aukera galdu gabe», baina baita herrian bizi duen tentsio etengabea eteteko beharragatik. «Zortea dut».
Askotan esaten du hori. Zortea duela, bizirik dagoelako, eta bost seme-alabak ere berarekin bizi dituelako, «ezertan sartu gabe, ahal duten moduan lan egiten». Kezka handiena haiek ditu. «Hilko nintzela pentsatzen nuen nire semea torturatu zutenean, non nengoen ezkutatuta esatearren». Beste seme bati ere tiro egin zioten, eta amak ospitalean izan zituen zain paramilitarrak. «Orain ongi dago».
'Segurtasun demokratikoa'
«Giza eskubideak nonahi eta edonola bortxatzen» direnbitartean Juan Manuel Santos presidenteak beste mundu bat irudikatzen duela esaten du, irribarre ironikoz, Kolonbiako hiriak seguruago egiteko iragarritako planaz galdegitean. Segurtasun demokratikoa «Santosen asmakizuna da, herritarren kontrako erasoak egiten dituztenean terroristak direla esateko plana». Polizia, armada, eta segurtasun indar asko ikusten da hirietan, gero eta gehiago, esaten duenez, eta haien atzean paramilitarra dagoela: «hor daude beti».
Baina hirietan ez ezik, leku guztietara zabaldu dira eremu gorriak. «Inor iristen ez den oihaneko herrixketara ere bai. Auskalo zer gertatzen den han». Riveraren ustez, oraingo presidentearekin okerrena iristeko dago.
Testuinguru horretan kokatu du Piedad Cordoba senatariari Gobernuak ezarri dion hemezortzi urteko inhabilitazioa, FARCekoekin harremana izatea leporatuta, bahitzaileekin hitz egin duelako. «Bahituak askatzeko, nola ez du bada gerrillariekin hitz egingo? Beldur dira, bera bezalako jendeez,giza eskubideen aldeko herritarrez, min egiten diegulako, haien oposizioa garelako».
«Izateko arrazoia galtzen da etxetik inora desplazatzen zaituztenean»
Milaka desplazatuetako bat izateaz gain, heriotza mehatxuak, baita atentatuak ere, jasan ditu Dorisek; lehen pertsonan ari da, oso ongi dakielako zer den deserria eta arriskuan egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu