Asian hasi zen COVID-19 izurria, eta hilabete batzuk aurreratuta daude han, Euskal Herriarekin parekatuta. Horregatik, kristalezko bola eduki ezean, hara begiratu behar da etorkizunari igartzeko. Itxaropenerako arrazoiak ematen ditu begiradak, baina baita kezkatzekoak ere. Izan ere, Japoniako Hokkaido uhartean berriz konfinatu behar izan dituzte herritarrak, izurria gaindituta zegoela uste bazen ere, bigarren oldeak jo duelako.
Japoniako artxipelagoko iparraldeko irla handia da Hokkaido. Tsugaru itsasarteak banantzen du Honshu uhartetik. Japoniako uharterik handiena da Honshu, eta han daude hiri nagusiak, Tokio hiriburua tartean. Seikan tunelak eta trenbideak lotzen ditu bi uharteak.
Otsailaren amaieran larrialdi egoera ezarri zuten Hokkaidon, COVID-19 kasuak asko areagotzen ari zirela ikusita. Urtarrilaren 28an atzeman zuten lehenengo kasua, eta otsailaren 14an uhartean bertan kutsaturiko lehena. Naomichi Suzukik etxetik ez ateratzeko eskatu zien herritarrei otsailaren 28an.
Hego Korean egin bezala, azterketa kanpaina handi bat hasi zuten kutsatuak aurkitu eta bakartzeko. Hego Koreak emaniko erantzunaren modukoa izan zen: herritarrak aztertzeko, ez zuten itxaroten jendeak sintomak agertu arte edo ospitalera joan arte: osasun langileak joaten ziren birusaren bila.
Horri esker, kutsatzeak asko murriztu ziren: martxoaren erdialderako pare bat kasu baino ez ziren agertzen egunean. Horiek eta horiekin harremanetan egondakoak bakartzen jarraitu zuten, baina larrialdi egoera martxoaren 19erako utzi zuten bertan behera. Apirilaren 9rako, hauexek ziren zenbakiak: denera 226 kasu diagnostikatu, eta hamar hildako. Uste zuten hori izango zela azken balantzea, eta normaltasunera itzultzen hasi ziren.
Baina egoera berriz okertu da uhartean. Joan zen astean, ia 150 kasu atzeman dituzte, eta berriz ezarri behar izan dute konfinamendua.
Tsunamiaren bigarren olatua
Urtarrilaren hasieran atzeman zuten lehen kasua: Txinako Wuhan hiritik itzuli berria zen pertsona bat, Kanagawa eskualdekoa. Eta 24an bigarrena, hura ere Wuhandik heldutakoa. Zergatik gertatu da oraingo bigarren olde hau Japonian? Beharbada, zerikusia du Tokiok emaniko erantzun epelarekin. Olinpiar Jokoak ziren jokatzekoak han aurtengo udan, eta Japoniako Gobernuak ahaleginak eta bi egin zituen izurriari garrantzia kentzeko eta normaltasun itxura emateko, kirol ekitaldia arriskuan ez jartzeko. Hego Korean ez bezala, Japonian ez dituzte azterketa kanpaina handiak egin, oso garestia litzatekeela argudiatuta.
Gaur iragarri dutenez, bihartik aurrera Japonia osoan ezarri asmo dute larrialdi egoera, hilabete batez, izurria zabaltzen ari delako. Dagoeneko 9.000 kasu diagnostikatu dituzte. Joan zen astean osasun larrialdia ezarri zuten herrialdeko zazpi eskualdetan, tartean Tokion. «Neurria ezinbestekoa da krisi nazionala eragozteko», esan du Shinzo Abe lehen ministroak, gaur, hiriburuan. Edonola ere, Japoniako konfinamenduetan eskolak ixten dituzte, eta jendeari etxean geratzeko eskatzen diote, baina herritarrek lanera joaten jarraitzen dute. Japoniako legediak ez du zigorrik aurreikusten konfinamendua betetzen ez dutenentzat.
Izurriak eragin handia izan dezake Japonian, populazioaren adinaren piramidearengatik. 65 urtetik gorakoak herritarren %28,4 dira, inoiz baino gehiago.
Hokkaidon ia menperaturik eduki zuten izurria, baina gainerako lekuetan erantzun epela eman izanak, lehenbizi Jokoak eta gero ekonomia aitzakiatzat hartuta, bigarren oldea ekarri die, eta nork daki gehiago ere ez diren helduko.