Legebiltzarrerako hauteskundeetako behin betiko emaitzen arabera Afrikako Kongresu Nazionalak (ANC) jarraituko du Hegoafrika gobernatzen, botoen %65,9 lortu dituelako. Hau da, 17,6 milioi botoetatik 11,6 milioi izan dira ANCrentzat. Duela hamabost urtetik, Hegoafrikan apartheid aginte arrazista kendu eta demokrazia ezarri zutenetik, agintean izan da ANC. Jacob Zuma izango da Hegoafrikako presidentea. Kgalema Motlanthe (ANC) izan da azken legealdian presidentea.
Hala ere, ANCk ez ditu lortu Legebiltzarreko aulkien bi herenak -400 eserlekuetatik 264 lortu ditu-, ondorioz, Konstituzioa erreformatzeko beste alderdi batekin koalizioa osatu beharko du.
2004ko apirilean egin zituzten aurreko hauteskundeak, eta Parlamentuko 400 eserlekuetatik 279 bereganatu zituen ANCk, botoen %69,69 eskuratuta. Nelson Mandela Hegoafrikako aurreneko presidente beltza izandakoak haren aldeko botoa ematera deitu zituen herritarrak.
Iazko abenduan alderditik alde egin zuten kide batzuek, eta Herriaren Kongresu Berria (COPE) eratu. %7,76ko babesa izan du COPEk eta hirugarren tokian da.
Oposizioko alderdi nagusiak, Aliantza Demokratikoak (DA), bozen %16,66 lortu ditu hauteskundeetan (azken legealdian %12,5eko babesa zeukan). Beste alderdi denek %3tik beherako sostengua eduki dute.
Zuma ANCko buruak pobreziari aurre egitea bere lehentasuna izango dela adierazi du kanpainan. "Politika egokia pentsatu eta gauzatu beharko da gure herrialdeak pairatzen dituen arazoei irtenbideak emateko, horietarik premiazkoena pobrezia deuseztatzea da". Hegoafrika herritar "guzti-guztiena" dela ere argi utzi nahi izan du. "Zuri, beltz eta gainontzeko guztiena; bat eginda jokatu behar dugu arrazakeriarik gabeko nazio bat eraikitzeko".
23 milioi herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea. Parte-hartzea %77,3koa izan da.
mundua
Jacob Zuma izango da Hegoafrikako presidentea
Behin betiko emaitzen arabera, ANCk garaitu du bozetan botoen %65,9rekin, 2004an %69,69ko babesa jasan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu