Mundua

Jada 27 gorpu atera dituzte Australian, etorkinez beteta zihoan itsasontzia hondoratu ondoren

Itsasontzian 100 bat pertsona zihoazela uste da, gehienak, irakiarrak eta iraniarrak, eta hildakoak 50 direla esan dute. Christmas uhartean lehorreratzear zela hondo jo du, eta gorpuak "leku guztietan" daudela esan dute lekukoek. Oraingoz 41 pertsona erreskatatu dituzte.

2010eko abenduaren 15a
11:26
Entzun
Australiarantz zihoan etorkin itsasontzi bat hondoratu egin da, eta 50 pertsona hil eta 33 zauritu direla jakinarazi dute hango hedabideek. Australiako lehen ministro Wyane Swan-ek ez ditu datu horiek berretsi, baina hildakoak badaudela esan du, eta jada 27 gorpu atera dituztela baieztatu dute. Itsasontzian 100 bat pertsona zihoazela uste da, eta horietako gehienak irakiarrak eta iraniarrak zirela. 41 pertsona ere erreskatatu dituzte dagoeneko.

Itsasontzia egurrezkoa zen, eta Australiako Christmas uhartera gerturatzen ari zen; horretan ari zela hondoa jo du itsasoaren egoera kaskarraren ondorioz. Orain ere olatu handiak daudela eta erreskate taldeak baldintza oso zailetan ari direla lanean gaineratu du Swanek. "Sokak bota ditugu eta 15 edo 20 pertsonak lortu dute lurrera iristea, baina gorpuak leku guztietan daude", adierazi dio The West Australian egunkariari lekuko batek. Urtero milaka etorkin iristen dira Australiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.