BELGIKA

Jadanik 18 hilotz atera dituzte istripua izan duten trenetatik

Hallen (Flandria, Belgika) elkar jo dute bidaiariak zeramatzaten bi trenek. Oraindik ere ez dituzte hildako denak atera hondakinetatik, eta litekeena da hogei hildako inguru izatea. Dozenaka dira zauritutakoak.

2010eko otsailaren 15a
17:07
Entzun
Kopurua etengabe ari da gora egiten. Dagoeneko 18 badira gaur goizean Halleko geltokian (Flandria, Belgika) izandako ezbeharrean hildakoak. Bi trenek elkar jo dute, eta gutxienez 18 dira hildakoak. Oraingoz konfirmatutako zenbakia da hori, baina litekeena da gehiago ere izatea, oraindik ere hondakinen artean harrapatuta daudelako bidaiari asko. Halleko alkateak eta Belgikako Barne Ministerioko bozeramaile batek hogei hildako izan daitezkeela esan dute. Zaurituak ere dozenaka dira, eta haietako asko larri daude. Halletik Bruselara joan-etorrian jende gehien ibiltzen den orduan gertatu da istripua.

"Bi trenek talka egin dute goizeko zortzi eta erdiak baino zertxobait lehenago, eta zauritu larriak daude", agertu du SNCB Belgikako tren konpainiako bozeramaileak. "Dirudienez, jendea lanera zeraman bi trenek aurrez aurre jo dute elkar", erantsi du. Bi trenetako lehen bagoiak irauli egin dira, kolpearen gogorraren eraginez. Lehen ikerketen arabera, trenetako batek semaforoari ez dio kasurik egin, eta geldirik zegoen trenaren aurka jo du.

Tren zerbitzua etenda dago Belgikan. Hurbilekoak ez ezik, nazioarteko trenak ere jasaten ari dira ondorioak. Paris, Amsterdam eta Belgika lotzen dituen abiadura handiko trena zerbitzuz kanpo dago, eta baita Londres eta Brusela arteko Eurostar trena ere.

Hall Brusela hiriburutik hurbil samar dago, hego-mendebaldera, Flandrian. 35.000 bizilagun ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.