Hungariako aluminio enpresa batean izandako isuri toxikoaren ondorioz zazpi pertsona hil dira dagoeneko. Orain arte emandako datuetan, lau hildako ageri ziren; ordea, azken orduetan pertsona bat hil da ospitalean, eta desagertuta zeuden beste bi lagunen hilotzak aurkitu dituzte larrialdi zerbitzuek. Beste 120 pertsona desagertuta daude, eta 7.000 herritar inguruk izan dituzte kalteak.
Isuri toxikoa ahultzen ari dela berretsi dute agintariek. Danubio ibai handira iritsia da lohia, baina, agintarien arabera, kalterik ez du eragin. Diote pH mailak 8 inguruan daudela gaur egun, eta hori "normala" dela. Egunez egun jaisten ari da kutsadura maila; ibaira tonaka igeltsu bota dituzte horretarako.
Europako Batasuneko adituak Hungariara joatekoak dira, isuri toxikoari aurre egiteko. Hungariak eskatu die laguntza EBko herrialdeei, eta haiek dagoeneko iragarri dute ados daudela eskariarekin.
Ikusi beharko da zer-nolako eragina izango duen gertatutakoak. Dagoeneko jakina dena da Marcal ibaia eta ingurua hilik daudela bere bizitza forma guztietan, eta jakina da ere horrelakoetan benetako datuak jakiteko denbora asko igarotzen dela, jakiten badira. Kasu honetan, oraindik ez dute eman zergatiaren berri. MAL enpresa arduradunak hondamendi meteorologikotzat jo du, herrialdean izan diren euriteek egindakoa. Plantak ez duela botatzen toxiko gehiagorik ere ziurtatu dute, baina badaezpada hesi sendo batekin babestu dute putzua.
Agintariek uste dute gertaeraren atzean istripu natural bat baino zerbait gehiago egon daitekeela: "Ulergaitza" behintzat bada, bi asteko kontua baita planta ikuskatu zutela, eta ez zuten antzeman irregulartasunik. Ikerketa kriminala zabaldu dute, eta Hungariako Polizia Nazionalaren buruak eramango du kasua, Jozsef Hatalak: "Gertatu dena zehatz-mehatz jakingo dugu, ez da dudarik". Viktor Orban lehen ministroak "errudunak aurkituko" dituztela baieztatu du: "Espero dezagun benetako segurtasuna behar duten produktu toxikoei adabaki bat jarri izana ez izatea zergatia".
Munduko historian leku esklusiboa izan duen ibaiaren distira apal dezake gertatutakoak, garrantzi natural, ekologiko, ekonomiko, politiko, eta kulturala zikindu, eta arriskuan jar dezake 2.860 kilometroko ibilbidean sortzen duen aberastasuna, Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Errumania, Bulgaria, Moldavia eta Ukrainan, eta beste hainbat herritan, haren arroa jasotzen duten gainerako lurraldeetan.
MUNDUA
Jadanik zazpi dira Hungariako isuriagatik hildakoak
Isuri toxikoak utzitako lohia heldu da Danubiora. Ordea, agintariek diote gutxitzen ari dela lohiaren kutsadura maila. Haien arabera, oraingo kutsadura datuak "normalak" dira. Europako Batasuneko adituak eskatu ditu Hungariak, laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu