UKRAINA

Janukovitxek eta oposizioak krisia konpontzeko akordioa sinatu dute

Batasun gobernu bat osatzea, 2004ko konstituzioa berrezartzea eta bozak aurreratzea adostu dute. Parlamentuak jada berrezarri du konstituzioa. Istiluetan hildakoak 80 dira. Bideoa: Manifestariak Volingo gobernadorearen kontra. [YouTube]http://youtu.be/kOy3nEznMMY[/YouTube]

Berria.info
2014ko otsailaren 21a
15:32
Entzun

Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak eta oposizioko hiru alderdi nagusien buruzagiek Presidentetzaren egoitzan sinatu dute akordioa, Alemaniako, Frantziako eta Poloniako Atzerri  ministroak lekuko zituztela. Parlamentuak onartu du 2004ko konstituzioa berriz ezartzea. Hemendik bost egunera sartuko da indarrean, eta presidentearen botereak murriztuko ditu parlamentuaren mesedetan.

"Gau osoan izaniko negoziazio konplexuen ondorioz" jarri dira ados, Unian berri agentziari presidentetzako iturriek jakinarazi diotenez. "Ukrainako presidenteak kontzesioak egingo ditu bakea berrezartzeko", esan du Anna Guerman diputatu eta Janukovitxen aholkulariak, akordioa ezagutarazi eta gero. 2004ko konstituzioa berrezartzeaz gain, hamar eguneko epean batasun nazionaleko gobernu bat osatzea eta abendurako hauteskundeak aurreratzea adostu dute.

Tentsioan baina istilurik gabe igaro dute gaua Kieven, Ukrainako hiriburuan, atzo polizien eta manifestarien arteko indarkeriak gora egin eta hildako kopurua nabarmen hazi eta gero. Jada 80 dira 48 orduan hildakoak, Barne Ministerioaren arabera —67 zibil eta hamasei polizia—, eta ehunka dira zaurituak. Oposizioko jarraitzaileek diote ehundik gora direla hildakoak.

Independentzia plazan jarraitzen dute milaka lagunek. Ukrainako Parlamentuan ere istiluak izan ziren atzo, eta gaur berrekingo diote ezohiko saioari, konstituzioaren erreformaz eztabaidatu eta estatuburuaren boterea murrizteko.

John Kerry Ameriketako Estatu Batuetako estatu idazkariak hitz egin du Ukrainako gatazkaz, goizaldean. Esan du Ukrainako herriak eta nazioarteko komunitateak "erantzukizunak" eskatuko dizkietela "gertatutakoaren arduradunei".

"Indarkeriak amaitu egin behar du", adierazi du Kerryk, eta gaineratu: "Manifestariek euren eskubideak gauzatu behar dituzte modu baketsuan, eta armadari eskatzen diogu eutsi diezaiola bere oinordetza ez politikoari eta bere tradizio profesionalei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.