Japoniako Legebiltzarrak Yoshihiko Noda izendatu du gaur lehen ministro. Japoniako Alderdi Demokratikoak (DPJ) atzo erabaki zuen bere legebiltzarkide guztiek Nodari babesa ematea, eta izendapena gauzatzeko Parlamentuan bozketa egitea besterik ez zen falta; DPJk gehiengo osoa duenez arazorik ez da izan.
Naoto Kanek ostiralean eman zuen dimisioa, uda aurretik agindu zuen bezala, Fukushimako zentralean martxoaren 11ko lurrikarak eta tsunamiak eragin zuten hondamendiaren kudeaketa txarragatik. Nodaren izendapenaren aurretik, Kanen gobernu talde osoak eman du dimisioa. Kanek ohar baten bidez barkamena eskatu du, eta ministro guztiek euren onena eman zutela eta zintzotasunez jardun zirela esan du.
Nodak Gobernua izendatu beharko du orain. Nodarekin Japonia berpiztea espero duela gaineratu du Kanek oharrean, eta berak burutu nahi zituen erreforma fiskala eta gizarte segurantzaren erreforma lehen ministro izendatu berriak egingo dituela, "oposizioaren babesarekin". Nodak 54 urte ditu, eta DPJ alderdiaren buru da atzotik.