Japonia

Japonian hauteskundeak irailaren 11ra aurreratu ditu Koizumik

Japoniako Senatuak Junichiro Koizumi lehen ministroak babestutako Posta Legearen erreforma baztertu du, eta Koizumik irailaren 11rako hauteskunde orokorrak deitu ditu, NHK telebista-kateak jakinarazi duenez. Posta Legearen erreforma Koizumiren politika ekonomikoaren ardatza izan da, eta bere alderdiko, PLD Alderdi Liberal Demokratako, kide batzuek ere bizkarra eman izana bozak aurreratzeko erabakigarria izan da.

2005eko abuztuaren 8a
15:45
Entzun
Koizumik zin egin zuen Japoniako Senatuak Korreoa pribatizatzeko proiektua baztertzen bazuen hauteskundeak aurreratuko zituela. Senatuan egindako bozketan aldeko 108 boto eta kontrako 125 jaso zituen lehen ministroak, horien artean bere alderdikideek emandakoak. Posta Legearen erreformak Senatuan izan duen porrota mozio-zentsuratzat jo du Koizumik, eta krisi-kabinetea deitu ondoren, bozak aurreratu ditu irailaren 11ra. Horrenbestez, Koizumik bi ganberak desegiteko agindua eman du,hauteskundeak baino 30 egun lehenago bi ganberek deseginda egon behar dute eta.

Posta-zerbitzuaren erreforma Senatuan onartua izan balitz, munduko banku pribaturik handiena osa zitekeen.

PLD alderdian krisia azaleratu da, posta-zerbitzua pribatizatzeko asmoak krisialdia eragin du alderdi demokratikoko kideen artean. PLDko kide batzuen arabera alderdiak irailaren 11ko hauteskundeak galdu ditzake. Hala gertatuko balitz, Japoniako politikaren historian aldaketa handia emango litzateke, PLD 50 urtez egon baita agintean, 90.hamarkada erdialdean Alderdi Sozialista buru izan zenekoa kenduta. PLD alderdiko zenbait diputatu erreformaren kontra agertu dira, eta esan dute beste alderdi bat osatzekotan direla Koizumiren aldekoei aurka egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.