Jerusalem ekialdean beste 240 etxebizitza eraikitzeko baimena eman du Israelek

Netanyahuk bakea aukeratu beharrean kokaguneen politika aukeratu duela salatu du Erekatek

Kristina Berasain Tristan.
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kolokan zeuden negoziazioak, eta Israelek beste oztopo bat ezarri die, Benjamin Netanyahuk Jerusalem ekialdean -lerro berdetik haratago- beste 240 etxebizitza eraikitzeko baimena eman baitu, palestinarrek elkarrizketak berriz abiatzeko ezarritako baldintza bakarrari beste behin muzin eginez. Ramot eta Pisgat Zeev kolonietan hurrenez hurren 158 eta 80 etxebizitza egiteko baimena eman du lehenministroak. Israelek 1967ko sei eguneko gerran okupatutako eremuan daude koloniak, auzotzat dauzkaten arren; 1980an Jerusalem ekialdearen erdia bereganatu zuen Israelek.

Iragarpena oso une kritikoan dator; izan ere, duela hilabete eta erdi eskas abiatutako zuzeneko negoziazioak ez atzera ez aurrera daude irailaren 27tik, koloniak eraikitzeko hamarhilabeteko debekua bertan behera gelditu zen egunetik. AEB Ameriketako Estatu Batuekin martxoan kolonizazio politikaren harira izandako ika-mikaren ostean, aurreneko aldia da estrategia horri eusteko asmoa praktikara eramaten dutela. Israelek orduan 1.600 etxebizitza eraikitzeko baimena eman zuen, Joseph Biden presidenteordea herrialdean zela eta debekua jada indarrean zela. Etxe Zuriari, oraingoan, egitasmoaren berri eman dio Israelek. Haaretz egunkariaren arabera, proiektua baztertzeko ezintasuna ikusita, bederen etxebizitzen kopurua murrizteko exijitu dio Washingtonek Netanyahuri.

Washingtonek sustatutako elkarrizketak, bada, ez dirudi azkar batean bideratuko direnik. Saeb Erekat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko negoziazio buruak arin salatu du «lurralde okupatuan eraikitzeko» iragarpena. Haren ustez, Netanyahuk agerian utzi du elkarrizketak zergatik dauden etenda: «Kolonien politika aukeratu du, bakea beharrean; estatu palestinar subirano baten sorrera saihesteko pausoa eman du». Nazioarteari, bada, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio, bi estatuen irtenbidea zapuztu ez dadin.

Izaera juduaz

Hilabete da dagoeneko elkarrizketa txanden azken saioa egin zela. Netanyahuk eta Mahmud Abbas PANeko presidenteak ez dute elkar ikusi orduz geroztik, eta lehen ministroak aste honetan bertan egindako azken proposamenak ez du itxaropenerako tarterik uzten. Israelen izaera judua aitortzeko eskatu die lehen ministroak palestinarrei kolonien politika bertan behera uztearen truke. Abbasek, baina, berretsi egin du inolaz ere ez dutela hori aitortuko: «PANek 1993an onartu zuen Israel; orain euren txanda da. Israelek 1967ko mugen barruko estatu palestinarra onartzeko unea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.