Al Fatak eta Hamasek palestinarren batasun nazionala bideratzeko oinarriak eta horiek martxan jartzeko urratsak zehaztu dituzte berriki. Maiatzean presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozak egitea da akordioaren oinarrietako bat, eta bitartean behin-behineko gobernu bat eratzea. Hamasek, baina, Jerusalem ekialdean ere bozak egitea exijitu du, eta adituek diote eskaera horrek bi alderdien akordioa kolokan jar dezakeela. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruaren arabera, ordea, Hamas eta Al Fata bat datoz oinarrizko kontuetan, eta ez dago adiskidetzea oztopa dezakeen ezer.
Adituen arabera, Gazan boterea galtzeko beldur da alderdi islamista, eta hauteskundeak oztopatu nahian dabil. Izan ere, Israelek ziurrenera Hamasi ez dio parte hartzen utziko Jerusalemgo bozetan, eta, era horretan, Hamasek Tel Avivi botako dio prozesu demokratikoa oztopatzearen errua. Hala gertatuko balitz, nazioartetik presio egingo diote Benjamin Netanyahuren gobernuari, eta horrek Hamasi mesede egingo dio. Al Fatak ere Hamasek parte har dezan presio egingo duela uste dute adituek, Israel nazioartean nabarmen uzteko.
Tel Avivek argi utzi du akordioaren aurka dagoela, eta Abbasi ohartarazi dio ezin duela Israelekin eta Hamasekin aldi berean negoziatu. Gobernuko iturriek diote Hamasi ez diotela parte hartzen utziko Jerusalemengo bozetan. Izan ere, Israelentzat Jerusalem estatu juduaren «hiriburu betierekoa eta banaezina» da, nazioarteak hala onartzen ez duen arren. Palestinarren balizko estatuaren hiriburua ere bada hiria, eta gatazkaren arrazoi nagusietako bat, ondorioz. Zisjordanian alderdi islamistaren parte hartzea saihestea, berriz, zailagoa suertatuko zaio Tel Avivi.
Iragan azaroaren 24an Egipton bildu ziren Abbas eta Jaled Meshal Hamas alderdiko burua, akordioa bideratzeko eta epeak zehazteko. Bileraren ondotik, «ezadostasun guztiak» konpondu zituztela adierazi zuen Abbasek, baina hauteskundeen prozesuaren barneko epeen eta xehetasunen eztabaidak liskartsuak izan zirela jakinarazi zuten. Hain justu, negoziazioetan parte hartzen ari diren hainbatek diote hauteskundeak ez direla egingo.
Horretaz gain, Egiptok Gazan enbaxada ireki dezala eskatu du Hamasek; izan ere, 2007tik, lurraldearen kontrola eskuratu zuenetik, Kairok ez du ordezkaritzarik izan bertan.
Bitartean, Jordaniako Abdala II.a erregearekin bildu da Abbas, eta Israelekin elkarrizketak hasteko aukera aztertu dute. Abdala II.ak datorren astean AEBetara egingo duen bidaian Abbasen jarreraren berri emango dio Barack Obama presidenteari.
Aire erasoa Gazan
Bestalde, Israelek Jihad islamikoko bi kide hil ditu Gazan airez eginiko eraso batean, eta beste bi lagun zauritu ditu. Lekukoen arabera, tripulaziorik gabeko Israelgo armadako hegazkinak Gazako hiriaren gaineanibili dira.
Israelek bere gain hartu du erasoa, etajakinarazi du milizianoek Israelgo soldaduen eta zibilen aurka erasoak egiteko asmoa zutela. Hildako bat Al Aksa Martirien Brigadetako ekintzaile nabarmenenetako bat zela dio Tel Avivek: Isam Subahi Isamil Batash, eta hainbat eraso egin dituela Israelen aurka. Asteazkenean Jihad Islamikoko beste kide bat hil zuen airezko eraso batean.
Bestalde, Mezkiten Zelaigunerako pasabidea itxi du Jerusalemgo alkatetzak, kalteak dituela eta arriskutsua izan daitekeela argudiatuta. Pasabidea liskar iturri da, palestinarrek Al Aksa mezkitaren zimenduak hondatu nahi dituela egozten baitiote Israeli.
Jerusalem ekialdean ere maiatzean hauteskundeak egitea exijitu du Hamasek
Al Fatarentzat oztopoa izango da Hamasen eskaera Tel Avivekin negoziatzeko. Bi lagun hil ditu Israelek Gazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu