Iragan ostegunean Jerusalemen piztutako istiluak jarraipena izaten ari dira, bai hirian bertan eta baita Palestinako beste lurretan ere. Gazako Zerrendan izan dira handienak, airez egindako erasoek kalean hasitako protestak ordeztu baitituzte. Ostiral gauean palestinarrek lurralde okupatuetara suziriak jaurti zituztela zabaldu zuen Israelgo armadak. FPLP Palestina Askatzeko Herri Fronteak eta Al-Aqsako Martirien Brigadak euren gain hartu zuten suzirien jaurtiketa atzo, eta adierazi zuten 48 orduan 40 suziri inguru bota zituztela. Gazatik egindako erasoak sistematikoki Hamasi egozten dizkio Israelek, ordea, eta, larunbatean bonbardaketak egin zituen Israelek, talde horren posizioak jo-puntuan zituela argudiatuta. Al-Bureij errefuxiatu kanpamentuaren ekialdeari eraso zioten, besteak beste. Al-Mayadeen Libanoko telebista kateak zabaldu zuen Jan Yusuf hiriaren inguruko laborantza eremuak ere bonbardatu zituztela.
Bart gauean Gazatik beste hiru suziri jaurti dituztela zabaldu dute Israelgo armadako iturriek. Esan dutenez, aireko defentsa sistemek horietako bi suntsitu dituzte, eta beste bat Gazan bertan lehertu da. Horren ostean, lurralde okupatuetan jarduten duen COGAT Israelgo erakunde militarrak jakinarazi du murriztu egingo dutela Gazako arrantza eremuaren hedadura, hamabost itsas miliatik bederatzira, «ekintza terroristak» direla eta. Ostera ere Hamasi egotzi dio Israelgo armadak suzirien jaurtiketa: «Gazako Zerrendatik Israeli egiten zaion guztiaren erantzulea da, eta Israelgo Estatuko herritarren aurkako indarkeriaren ondorioak jasango ditu».
Atzo, Hamasek ohar bat argitaratu zuen, eta, bertan, milizia palestinarrei eskatu zien behin-behinean erasoak eteteko, baina, era berean, adi egoteko eskatu zien. «Hatza katuan mantentzeko eta suziriak prest izateko deia egiten diogu Gazako gure erresistentzia prestuari, etsaiaren estruktura militarrari eta gotorlekuei erasotzeko». Channel 13 Israelgo telebista kateak zabaldu duenez, herrialde horretako negoziatzaile talde bat Hamasekin harremanetan jarri da, Egiptoren bitartekaritzarekin, ohartarazteko ez dutela onartuko eraso gehiagorik. Katearen arabera, Hamasek hitzeman dio ahaleginduko dela miliziei eusten, baina ez du «bermerik» eman.
Garaipen txiki bat palestinarrentzat
Izan ere, Jerusalemen azken egunetan izandako istiluei erantzunez bota zituzten suziriak milizia palestinarrek, eta asteburuan ez da baretu hango egoera. Israelgo Poliziaren eta palestinarren arteko aurrez aurrekoak izan ziren larunbatean. Sei lagun atxilotu zituzten, eta dozenaka zauritu ziren. Zisjordaniako Bethlehem hirian ere izan ziren istiluak. Gutxienez hamar palestinar atxilotu zituzten, Maan berri agentziaren arabera. Apirilaren 13an izan ziren lehen liskarrak Jerusalemen, ramadanaren lehen egunean. Jerusalemgo Hiri Zaharraren atarian dagoen Al-Aqsa meskitaren inguruan elkartu ohi dira musulmanak, gaueko errezoa egin ostean. Israelgo Poliziak galarazi egin die hor egotea, pandemiaren aurkako neurriak argudiotzat erabilita, eta indarrez sakabanatzen ditu elkartzen direnak.
Atzo arte, hesituta egon da eremu hori, baina Israelgo Poliziak zabaldu egin zuen Al-Aqsa meskitaren ingurua atzo gauean. «Agintari lokalekin eta buruzagi erlijiosoekin bildu eta egoera aztertu ondoren» hartu zuten erabaki hori, Poliziaren bozeramaile batek AFP berri agentziari adierazi zionez, «inguruko dendetako jabeen egoera kontuan hartuta eta indarkeria apaltzeko».
Ehunka palestinar elkartu ziren atzo Al-Aqsaren inguruko Meskiten Zabalgunean, Poliziaren begiradapean. Garaipentzat hartu zuten plazan elkartzea lortu izana, eta gogotik ospatu zuten. Liskar txikiak izan ziren Poliziarekin, agenteak bertan elkartutakoei Palestinako banderak kentzen saiatu zirenean. Atxilotu ere egin zituzten zenbait lagun.