Jerusalemgo giroa gaiztotzea leporatu dio PAEk Israeli

Israelgo Poliziak 50 palestinar atxilotu ditu, Mezkiten Zabalgunean izandako liskarrengatik

Erredakzioa
2009ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Azken bi asteetan liskarrak izan dira Mezkiten Zabalgune inguruetan, Jerusalemen. Hasi, iragan irailaren 27an hasi ziren;iturri palestinarren arabera, eskuin muturreko hainbat judu zabalgunera sartu ziren egunean-Israelen arabera, turista talde bat besterik ez zen zabalgunean sartu-. Hainbat palestinar haiei harrika hasi, eta Israelgo segurtasun indarren eta manifestarien arteko borrokak lehertu ziren. Eta ordutik ez da Mezkiten Zabalgune inguruetan giroa baretu. Joan den igandean eta herenegun, hala, duela bi aste izandako liskarren gisakoak izan ziren berriro. Oraingo honetan, baina, Sukot edo Tabernakuloen Festa juduaren harira izan dira aurrez aurrekoak. Horien harira atxilotutako manifestari palestinarrak 50 bat dira dagoeneko; zaurituak, berriz, hainbat polizia.

Gertatutakoaren erantzule nagusia Israel da, PAE Palestina Askatzeko Erakundearen ustez. Azken egunetan gertatutakoa ikusita, Jerusalem kiskali dezakeen «pospoloa piztea» leporatu dio Tel Aviveko Gobernuari. «Sutea probokatzeko asmoz pospoloak pizten ari da Israel. Nahita Jerusalem ekialdeko tentsioa areagotzea da haren asmoa», adierazi du Saeb Erekat Israelekin bake negoziazioak egiteaz arduratzen den taldeko buruak. Haren hitzetan, Jerusalemgo egoera «oso arriskutsua» da.

Atzo ere nabaria zen tentsioa. Sukot jai erlijiosoa ospatzeko Jerusalemgo kaleak zeharkatzekoak ziren ehunka lagun. Haien segurtasuna bermatzeko asmoz, Israelgo Gobernuak segurtasun neurri gogorrak jarri zituen martxan.

Gazan, erasoak

Muauija Hasanien Gazako larrialdi zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, bestalde, Israelgo armadak hainbat palestinar «zauritu edo hil» ditu. Iturri horren arabera, Gaza hiriko ekialdera tankeekin sartu ziren soldadu israeldarrak, atzo. Han, ustez ekintzaile palestinarrei eraso egin zien. Lerro hauek idazterako unean ez zuten biktimen datu zehatzik eman; arratsaldean oraindik borrokek zirauten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.