Kolonbia

Jesus Santrichen heriotza baieztatu dute

FARC-EPtik aldendutako talde baten arabera, Kolonbiako armadak segada batean hil du gerrillaren buruzagi historikoa

Jesus Santrich, 2019ko maiatzean. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 19a
12:34
Entzun

Kolonbiako hedabideek atzo gauen zabaldu zuten Seuxis Paucias Hernandez Jesus Santrich «talde ilegalen arteko liskarretan» hil zutela Kolonbian. Ordu batzuk geroago, gaur goizaldean, FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen buruzagi historikoa izandakoa Kolonbiako armadak Venezuelan egin dion segada batean hil dutela baieztatu du gerrillatik aldendutako Segunda Marquetalia izeneko taldeak. Hain zuzen, talde horretako buruetako bat zen Santrich, Luciano Marin Ivan Marquez gerrillako beste buruzagi historikoetako batekin batera. Webgune batean kaleratutako komunikatu baten arabera, Ivan Duque Kolonbiako presidentearen aginduz egin zuten militarrek Santrichen kontra. 53 urte zituen. Nolanahi ere, Efe berri agentziak dionez, oraindik ezin izan dute ohar horren egiazkotasuna baieztatu. Gobernuak ere ez du ezer esan oraingoz.

Kolonbiako Gobernuak «zerbitzu sekretuen» informazioetan oinarrituta atzo azaldu zuenez, Venezuelan «ustez izandako liskarretan» Santrich eta «beste zenbait gaizkile» hil ziren. Hori adierazi zuen, hain zuzen, Diego Molano Defentsa ministroak, Twitter sare sozialean. Fundares GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuen, bestalde, joan den astean lau gerrillari hil zirela Venezuelako Apure estatuan, Kolonbiarekiko mugan, izandako liskarretan.

Gerrillak eta gobernuak 2016an Habanan (Kuba) izenpetutako akordioaren negoziatzaile eta sinatzaileetako bat izan zen Santrich, baina 2019ko abuztuan iragarri zuen FARCetik aldendutako talde bat osatu zutela hark eta Ivan Marquezek. Hain justu, eta, betiere Fundaredes GKEaren arabera, gerrillatik aldendutako bi talde armaturen artekoak izan ziren joan den asteko borrokak, eta horietako bat Santrichek eta Marquezek gidatutakoa zen.

Segunda Marquetalia taldeak dioenez, ordea, Kolonbiako armadak hil du, eta, ez joan den astean, aurreko astelehenean baizik. «Perija mendilerroan gertatu zen. Komandantea zihoan kamioiari eraso egin zioten, tiro eginez eta granadekin. Krimena gauzatuta, hiltzaileek ezker eskuko hatz txikia erauzi zioten. Minutu batzuk geroago, helikoptero batean alde egin zuten Kolonbiarantz».

Momentua

Santrichen heriotzaren albistea heldu da, hain justu, droga trafikoa egotzita haren kontrako auzian nobedadeak izan eta gutxira. Izan ere, gerrillari ohia AEBetara estraditatzea onartu zuen Kolonbiako Auzitegi Gorenak joan den ostegunean. AEBek leporatzen zioten 10 tona kokaina esportatzeko konspiratzea. AEBek eskatuta atxilotu zuten Bogotan, 2018ko apirilean, eta kartzelatu. Santrichekin gertatutakoa argudio gisa erabiliz, Bakerako Azken Akordioa moldatzeko asmoa iragarri zuen Duquek abuztuan. 2019ko maiatzean atera zen gerrillaria espetxetik, behin-behinean, auziaren epaia iritsi bitartean.

FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdi politikoa da 2017ko irailaz geroztik, eta Santrichek Kolonbiako Ordezkarien Ganberako diputatu kargua hartu zuen espetxetik atera berritan —Comunes alderdiarekin, FARCen ondorengoarekin—, 2019ko ekainaren 11n. Baina segituan, handik aste batzuetara, desagertu egin zen, eta Kolonbiako Auzitegi Gorenak hura atzemateko agindua eman zuen uztailaren 10ean, auzi saio batera ez agertzeagatik. Hilabete eta erdi pasa geroago, abuztuaren 29an, gerrillari ohi batzuek, Marquez eta Santrich buru zirela, borroka armatuaren «etapa berri bat» iragarri zuten Internet bidez zabaldutako bideo batean. Hiru urte ere ez zituen, artean, gobernuak —Juan Manuel Santos zen orduan presidentea— eta FARC gerrillak sinatutako bake akordioak. FARC alderdiari «zentzugabekeria» iruditu zitzaion disidenteen erabakia, eta estatua neurriak hartzen hasi zen. Esaterako, borroka armatuaren garaian egindako delituak aztertu eta epaitzeko sortutako JEP Bakearentzako Jurisdikzio Bereziak agindu zuen Marquez eta Santrich atxilotzeko.

Santrichek 21 urte zituenean bat egin zuen gerrillarekin; gerora azaldu zuenez, Batasun Patriotikoa alderdiaren aurka egindako genozidioarengatik. Irakasleen familia batean jaio zen, eta unibertsitate ikasketak egin zituen, gizarte zientzietan espezializatuz. Gerrillako kideek baino diskurtso arranditsuagoa zuen. Literaturaren, pinturaren eta musikaren zalea zen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.