Jihad Islamikoak eta Israelek su-etena adostu dutela jakinarazi du talde palestinarrak. Egiptoren bitartekaritzari esker lortu dute menia, Ahmad al Mudala Gazako Jihad Islamikoaren buruak adierazi duenez, eta ostiral goizaldean sartu zen indarrean. Aste honetan adostu duten bigarren su-etena da; iragan astelehenean iragarri zuten lehenengoa, baina bi egun baino ez zuen iraun.
Azken egunotako indarkeria bolada baretzea du helburu meniak. Ostegunean Israelek Gaza bonbardatu eta hamar palestinar hil zituen; iragan astean, berriz, beste hamabost palestinar eta israeldar bat hil ziren. Bigarren su-etenak hildakoen zerrenda gehiago ez luzatzea lortu du oraingoz, baina tentsioek jarraitzen dute israeldarren eta palestinarren artean. Zisjordaniatik Jerusalemerako martxa egin zuten atzo 200 manifestari inguruk palestinarren alde, eta Israelgo Poliziak negar egiteko gasak jaurti zizkien Kalandiako kontrolgunean. Martxa ezin izan zen Jerusalemera iritsi.
Bitartean, Palestinako estatua NBEn sartzeko eskariari data jarri dio Mahmud Abbas PANeko presidenteak. Irailaren 23an egingo dute eskaria, Nabil Shaath Al Fata alderdiaren atzerri harremanetarako arduradunak esan duenez. El Salvadorrek, Hondurasek eta Txinak NBEren bozketan palestinarren aldeko botoa emango dutela iragarri dute.
Jihad Islamikoak eta Israelek su-etena adostu dute bigarrenez
Palestinako estatua NBEn sartzeko eskaria irailaren 23an egingo du Mahmud Abbas PANeko presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu