SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko tropek 1989an Afganistan utzi zutenean, haiek sostengatutako presidenteak, Mohammad Najibullahek, soilik hiru urte gehiago iraun zuen boterean, hain zuzen, SESB desagertu eta Errusiak laguntza militarra eta dirua emateari utzi zion arte. 1996an, talibanek Kabulen sartu eta ia herrialde osoa kontrolpean hartu zuten. Berriz hori gertatuko den beldurrez, AEBek eta Afganistango Gobernuak akordio bat egin dute, NATOko tropak erretiratu arren hurrengo hamar urteetan Washingtonek Kabuli «laguntza estrategikoa» emateko. Akordioari buruzko zehaztapen handirik ez dute eman, baina AEBek Kabulen duten enbaxadako bozeramaileak erran du helburua dela Afganistanen «subiranotza, egonkortasuna eta oparotasuna indartzea», eta «Al-Qaeda eta haren aliatu estremistak garaitzea».
Akordioa egina dago, baina indarrean jartzeko, Afganistango Parlamentuaren eta Hamid Karzai eta Barack Obama presidenteen oniritzia behar du. Iturri diplomatikoen arabera, prozesu horimaiatzaren 20a baino lehen amaituta egotea espero dute, egun horretan eginen baita ChicagonNATOren konferentzia.
Eredu izateko hitzarmena
Washingtonek eta Kabulek akordioa eredutzat aurkeztuko dute konferentzian, gaur egun tropak Afganistanen dituzten herrialde gehiagok ere bide hori segi dezaten. Iragan abenduan Bonneko Bigarren Konferentzian 85 herrialde elkartu ziren, erretiratzearen ondoren Afganistango Estatua nola finkatu eztabaidatzeko. Finantzaketa 2024ra arte mantentzea hitzartu zuten, baina zehaztapenik egin gabe. Hori Tokion eginen dutela espero da, heldu den uztailean.
Akordioaren bidez, AEBek Afganistango Polizia eta armada finantzatzen segituko dute. Diru kopurua, ordea, Kongresuak zehaztu beharko du urtero. The New York Times-en arabera, urtean 2,7 mila milioi dolarreko finantzaketa eztabaidatzen aritu dira bi aldeak (2,05 mila milioi euro). CRS Kongresuko Ikerketa Batzordearen arabera, AEBek 2010etik 110 mila milioi eta 120 mila milioi dolar artean xahutu ditu urtero Afganistanen (84 mila milioi eta 91 mila milioi euro artean).
Garapenerako eta giza laguntzarako planak bultzatzeko konpromisoa ere hartu du Washingtonek Kabulekin hitzartutako planean, baina, zalantzarik gabe, arlo nagusia militarra da. Izan ere, behin ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek alde eginda, ez dago argi armada eta Polizia talibanen erasoaldiei eusteko gai izanen diren. Afganistango Segurtasun Nazionalerako kontseilari Rangin Dadfar Spantak jakinarazi du lehenbiziko akordio estrategikoak oniritzia jaso eta urtebetera bereziki segurtasun arloan zentratuko den bertze hitzarmen bat prestatuko dutela AEBekin. Bi gai labainkorrenak, beraz, ordurako gibelatu dituzte: AEBetako tropen operazioak eta base militarren ezarpenak.
Azken aukera horrek anitz kezkatzen ditu Afganistanekin mugan dauden bi herrialde, AEBek jomugan dituztenak biak: Pakistan eta Iran. Spantaren arabera, ordea, Washingtonek ez du nahi Afganistanen bizilagunak «mehatxa ditzakeen presentzia eduki». Segurtasun nazionalerako kontseilariak gaineratu duAEBek konpromisoa hartu dutela Afganistango lurra ez erabiltzeko bertze herrialdeei erasotzeko.
Talibanen kritika
Washingtonen iritziz, talibanei mezu argi bat igorri diete Kabulekin sinatutako akordioarekin, The New York Times-ek AEBetako Gobernuko iturri anonimo bat aipatuz argitaratu duenez, hau da, 2014an NATOk herrialdetik alde egin arren AEBek Afganistanen inplikatuta segituko duela. Spanta segurtasun nazionalerako kontseilariak jakinarazi du akordioan miliziano talibanak «gizarteratzeko neurriak» bildu dituztela, baina soilik «Al-Qaedarekin hautsi, indarkeria utzi eta konstituzioa onartzen dutenak».
Talibanek, ordea, berehalakoan kritikatu dute Kabulek eta Washingtonek lotutako akordioa. Ohar batean, mugimendu islamistak adierazi du hitzarmen horrekin bortz helburu lortu nahi dituztela AEBek: «Bat: Asia erdialdeko eta Kaspioko petrolio guneetarako bideak segurtatzea. Bi: benetako gobernu islamiko baten aldeko mugimendua oztopatzea. Hiru: sekularizazioa eta liberalismoa ezartzea. Lau: islamarekiko erasokorra den armada bat ezartzea, Mendebaldearen interesak defendatzeko. Bortz: Eremuko herrialde islamikoak mehatxatzen segitzea, Afganistanekin lotura politiko eta militarrik egin ez dezaten».
Joan arren, gelditzeko
AEBek erretiratu ondoren «laguntza estrategikoa» emateko akordioa egin dute Afganistango Gobernuarekin, 2024ra arteUrtebeteren buruan segurtasun arloko bertze itun bat egin nahi dute bi aldeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu