Ez da ezustekorik egon Mikhail Jodorkovski Errusiako Jukos petrolio inperioaren sortzailearen kasuan. Siberiako espetxean jarraitu beharko du denbora batean, atzo Moskuko Auzitegiak errudun zela erabaki ondoren—Jukos auziarekin lotutako beste prozesu batengatik zazpi urte daramatza espetxean—. Egun batzuk beharko dira jakiteko zenbat urte gehiago bete beharko dituen, baina petrolioa lapurtzea eta dirua zuritzea leporatu dio auzitegiak Errusiako gizonik aberatsenari. Fiskalak hamalau urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat, eta beste horrenbeste haren bazkide Platon Lebedeventzat. Leporatzen dizkioten delituetatik bakar bat bota du atzera Viktor Danilkin epaileak, Vistotxnaia petrolio enpresako akzioak legez kanpo bereganatzeko delitua. Gainerakoekin aurrera egitea Kremlinen «trikimailua» dela uste du oposizioak. 2012ko presidentetzarako bozetan Vladimir Putin lehen ministroak Jodorkovski aurkeztea saihestu nahi duela kritikatu dute hainbat politikarik, tartean Boris Mentsovek. Badirudi Putin izango dela hauteskunde horietan hautagaietako bat.
Jodorkovskiren abokatuek uste dute Danilkin epaileak agintarien presioa jasan duela, batez ere, joan den abenduaren 11n Putinek egindako adierazpenengatik. Harentzat «erruduntasuna frogaturik dago», baina horrekin pozik ez, eta hilketaz ere akusatu zuen. Abokatuek salatu dutenez, errugabetasun presuntzioa ez da errespetatu, eta argudio hori erabiltzea erabaki dute kasua Estrasburgoko Auzitegira eramateko.
Han erakutsi beharko dute Jodorkovskiren kontrako prozesua politikoa eta injustua dela. Putinek askotan erakutsi du harenganako ezinikusia, eta hilketekin lotzen saiatu da behin baino gehiagotan, nahiz eta ez duen prozesurik hasi akusazio horien inguruan. Horregatik jarri dute salaketa Estrasburgon haren adierazpenen inguruan. Jodorkovskik defendatzen duenez, bere delitu bakarra oposizioari dirua ematea izan da helburu politikoetarako. Atzoko erabakiari ere helegitea jarriko diote.
Errusiatik kanpo ere batek baino gehiagok pentsatzen du Jodorkovskiren kontrako epaiketa bidegabea dela. AEBek aspaldian dute susmo hori. Moskun AEBek dauzkaten diplomazialarien ustez, «etsai politikoak inpunitate osoz suntsitzen dituzte», eta Errusiako Gobernua Zuzenbide Estatua «pikutara bidaltzen» ari da. Catherine Ashtonek ere Europako Batasunaren izenean esan du «kasua gertutik jarraituko» dutela, eta giza eskubideen eremuko konpromisoak bete ditzan eskatu dio Errusiari. AI Amnesty Internationalek, berriz, ez du jarraipen gehiagorik egin behar «giza eskubideak urratu» direla baieztatzeko. Erakunde horrentzat ere «bidegabea eta politikoa izan da epaiketa».
Erabakiaren irakurketak iskanbila sortuko zuela jakinda, Danilkin epaileak irakurketa komunikabideengelaraino ez iristeko agindua eman zuen atzo.Epaiketaren aretoan 30 bat kazetarik soilik izan dute prozesua jarraitzeko aukera. 150 inguru eraikinera sartu ezinik egon dira.
Han kanpoan egon ziren kazetari horiek atzo Jodorovskiren erabakiaren aurka dauden herritarren artean. Horiek protestan hasi ziren, erruduntzat jo zutela jakin ondoren, eta hogei bat atxilotu zituen Poliziak.
Errusiaz «lotsatuta»
«Nire herriaz lotsa sentitzen dut», esan zuen Jodorkovskik bere alegatuaren amaieran, joan den azaroan. Bere ideiak defendatzearren espetxean hiltzeko prest dagoela esan du behin baino gehiagotan, 2003an Errusiako magnate garrantzitsuenetakoa izan zenak —urte hartako urritik dago preso—. Errusiako agintariak ez ditu batere maite, eta haiek bera «betiko espetxean» eduki dezaten desiatzen daudela uste du, Errusiako enpresarik onenak suntsitzeagatik Errusiako Estatua «gaixorik» dagoela, «bere herritarrak mespretxatzeagatik eta bere burokratengan eta segurtasun zerbitzuetan izateagatik soilik konfiantza». Ez du ulertzen enpresari baliotsuak espetxean izatea.
Jodorkovski eta Lebedev bazkidea zortzi urtera kondenatu zituzten 2005ean iruzurragatik, baina 2009an beste prozesu bat hasi zuten haien aurka. Findu gabeko 218 milioi tona petrolio lapurtzeaz akusatu zituzten.
«Espetxeratu eta aste gutxi batzuetara jakinarazi zidaten Putinek erabaki zuela nik zortzi urte espetxean igaro behar nituela», eta dagoeneko zazpi eginda ditu. Denbora horretan bereganako beldurra «hazi» egin dela esaten du, eta Moskuk «legeekiko errespetu gutxiago» duela. «Inork ez du sinesten Moskuko auzitegi batek Jukosekin lotura duen edozer errugabetzeko erabakia emango duenik». Eta uste bezala izan da.
Beste edonori bezala, espetxean bizitzea oso zaila egiten zaiola aitortu du, ez duela han hil nahi, baina «behar izanez gero prest»dagoela. Jukos enpresa desegin egin zuten, eta haren hondasunik onenak Rofnet estatuarena den enpresaren esku geratu ziren.
Jodorovskiren arabera, Dmitri Medvedev 2008an boterera iritsi zenean, askok pentsatu zuten Errusia gizarte zibil garatu eta estatu aurreratu bilakatuko zela, «funtzionarioen ustelkeria eta bidegabekeriarik gabe, baina itxaropen hori galdu da». Ekonomia modernizatu beharraz askotan hitz egin du. «Misilak egiteko gaitasuna izan zuten, baina ezin izan dute telebista berria egin, auto merke eta lehiakor bat, ezta sakelako egokirik ere».
Errusia. 'Jukos auzia'
Jodorkovskiren kontrako epaia politikoa dela salatu du Errusiako oposizioak
Lapurretagatik enpresariari eta haren bazkide Levedevi jarritako zigorra datozen egunetan jakinaraziko dute, erabakia irakurri ondorenMagnatea 2012ko bozetara aurkeztea saihestu nahi duela leporatu diote Putini
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu