John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren ustetan, Egiptoko armadak Mohamed Mursi presidente kargutik kentzeko eginiko operazioa ez da estatu kolpea izan. The Wall Street Journal egunkariak jakinarazi duenez, Kerryk esan du "demokrazia berrezarri" egin duela armadak, estatu kolpea aipatu ere egin gabe.
"Hori da, demokrazia berrezartzen ari ziren. Milioika lagunek eskatu zioten esku hartzeko armadari, herrialdea kaosean eror ez zedin", adierazi du Kerryk. Bitartean Egiptoko armada diruz eta armaz laguntzen jarraitzen dute AEBek.
Anaia Musulmanek horri erantzunez esan dute AEBak "estatu kolpearen konplize" direla. "Kerryk erabili duen hizkera eskandaluzkoa da, eta estatubatuarrek errefusatu egin beharok lukete gobernu hori, bere balioei bizkarra eman eta diktadura babesteagatik", esan du gaur Gehad Hadad bozeramaileak.
Gainera, Kerryri galdetu diote jendaurrean ea onartuko luketen AEBetan armadak Obama kargutik kentzea manifestarien protestak oinarri hartuta, Konstituzioa bertan behera utziz eta Parlamentua deseginez.
Sarraskiaren mehatxupean
Ia hilabete daramate Mohamed Mursi kargugabetutako presidentearen jarraitzaileek Raba al-Adauiya eta Nahda plazetan kanpatzen. Behin-behineko gobernuak "segurtasun nazionalerako mehatxua" direla baieztatu du. Orduz geroztik daude haren aldekoak Raba al-Adauiya eta Nahda plazetan kanpatzen, Mursi itzultzeko eskatzen.
Azken hilabetean istiluak etengabekoak izan dira Egipton, Kairon eta Alexandrian, batik bat, eta behin-behineko gobernuaren azken oharrak ez du lasaitasunerako tarterik uzten: kanpaleku horiek "segurtasun nazionalerako mehatxua" direla dio, eta "ekintza terrorista" horiekin amaitu behar dela azpimarratu.
"Ez dira basatiak"
Admed Aref Anaia Musulmanen bozeramaileak, aldi berean, zera erantzun dio gobernuari, kanpalekuak "indarrez sakabanatuz gero", sarraskia gerta daitekeela. "Kontua ez da Mursiren edo Anaia Musulmanen aldekoa izatea: milioika pertsona daude plaza horietan legitimitate demokratikoaren aurkako estatu kolpea gaitzesten", adierazi dute. Gainera, ukatu egin dute gobernuaren baieztapena: "Plaza horietan daudenak ez dira basatiak, eta ez daramatzate armak".
Gobernuak emandako plaza horietako kanpalekuak sakabanatzeko agindua hainbat erakunde islamistek gaitzetsi dute, Anaia Musulmanez gain, baita apirilaren 6ko gazte mugimenduak ere.
Gaur ere kalera
Legitimitatearen Defentsarako Koalizio Nazionalak deia egin die gaur armadaren estatu kolpearen aurka daudenei "Egipto kolpearen aurka" lemapean protestatzeko. Bien bitartean, Rabea al Adauiya eta Nahda plazetako kanpaldiek aurrera egingo dutela baieztatu du koalizioak, behin-behineko gobernuen aginduei men egin gabe. Eta hala jarraituko dutela baieztatu du estatu kolpe militarraren ondorioak hasierako egoerara itzultzen ez diren bitartean: Mursiren itzulera eta Konstituzioaren eta legebiltzarraren goi ganbera lehengokora itzultzea.
Legitimitatearen Defentsarako Koalizio Nazionalak ez du "terrorismoa" Egiptoko uneko gobernuak bezala ulertzen: "Benetako terrorismoa, segurtasun nazionalari mehatxu egiten diona, kolpea eta manifestari baketsuen aurkako basakeriak babesten dituztenena da".