Bilkura luze baten ondoren, Jordi Sanchez hautatu dute berriz ere ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente. Liz Castrok erakunde zibila zuzentzeko hautagaitza aurkeztu duen arren, ez du lortu zuzendaritzaren sostengua, eta, horrenbestez, Sanchezek bere burua aurkeztu du. Hainbat bozketaren ostean lortu du azkenean presidente izateko babes nahikoa.
Bai Sanchezek eta baita Castrok ere batasun mezua helarazi nahi izan dute bozketaren ostean. "Talde gisa lan egin behar dugu hurrengo bi urteetan Kataluniako Errepublika sortzen laguntzeko", adierazi du Sanchezek. Castrok bozketaren emaitzak onartu ditu. "Ez dago zalantzarik bozketa sistemaren egokitasunaren inguruan. Batasunean lan egin behar dugu".
Azken asteak polemikoak izan dira ANCn. Hainbat sektorek desberdintasunak izan dituzte, eta hedabideetan islatu dute borroka hori; alderdi baten edo bestearen alde lan egitea leporatu diote elkar. Alde batetik Sanchez bera, eta bestetik Castro, Josep Sabate, Agusti Alcoberro eta beste zenbait zuzendaritzako kidek.