Israelen, azken orduko desadostasun batek kolokan jarri du beste behin itxitzat jotzen zuten gobernu akordioa. Ia bi hilabete negoziatzen igaro ostean, atzo eguerdian sinatu behar zuen Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak gobernatzea ahalbidetuko dion ituna beste hiru alderdirekin: Juduen Etxea erlijioso ultraeskuindarra alde batetik, Yesh Atid zentroko alderdi laikoa bestetik, eta Hatnua zentro-eskuineko alderdia azkenik. Israelgo hedabideek jakinarazi zutenez, asteazken iluntzerako lortua zuten oinarrizko itun bat; atzo goizaldean lotu behar zituzten falta ziren hariak, eta eguerdian sinatu agiria.
Juduen Etxeko ordezkariak, ordea, ez ziren agertu bilerara. Arrazoia: Netanyahuren Likud alderdiko bozeramaile batek goizean jakinarazi zuen gobernuan ez dela lehen ministrorderik izango. Netanyahu babestekotan, euren alderdietako buruek kargu hori hartuko zutelakoan ziren beste bi alderdi nagusiak: Yesh Atidetik, Yair Lapidek; eta Juduen Etxetik, Naftali Bennettek.
Gobernu berriko kideek astelehenean egin behar dute karguaren zina. Aurretik, Simon Peres presidenteak onartu behar du, eta geroz eta estuagoa da horretarako gelditzen den denbora: legez, bihar amaituko zaio Netanyahuri gobernu akordioa egiteko epea. Praktikan, ordea, gaur da ituna sinatzeko azken eguna, arratsetik larunbat iluntzera shabbat, juduen deskantsu aldia, hasten baita.
Hasierako akordioa
Berez, gaur eman behar zion Netanyahuk atzo goizaldera adostutakoaren berri Peresi. Denera zazpi aste igaro dituzte gobernuko ministerioen inguruan ados jarri ezinik. Ultraortodoxoen pribilejioen aferak ere eztabaida aski eragin du. Soldadutzari uko egiten diotenei zigor ekonomiko bat jartzearen aldekoa zen Yesh Atid; zehazki, orain dituzten zerga salbuespena galtzea. Atzo, eurek proposatutako neurri nagusiak kontuan izan dituztela jakinarazi zuen alderdi laikoak. Gainera, palestinarrekin «berehala» berriz negoziatzen hastea eta oinarrizko ikasgaiak eskola publiko guztietan ematea onartu dute, Yesh Atiden arabera.
Horrenbestez, hasierako akordioari eutsiz gero, 21 ministro izango lituzke Israelgo Gobernu berriak, eta ez 29, orain arte bezala. Horietatik zazpi Likudentzat lirateke, eta lau harekin aliantza eginda daukan Yisrael Beiteinu ultranazionalistarentzat. Yesh Atidi bost legozkio, Juduen Etxeari hiru eta Hatnuari bi. Barne eta Defentsa ministerioak Likudek kudeatuko ditu; Atzerri Ministerioa, aldiz, Israel Beitenuko Avigdor Liebermanena izango da aurrerantzean ere. Hark dimisioa eman zuen abenduan, iruzurra leporatu ziotelako, eta egozten dizkioten karguak argitu bitartean Netanyahuk berak beteko du postua. Hezkuntza Ministerioa, berriz, Yesh Atiden esku gelditu da.
Juduen Etxeak uko egin dio azken unean Israelgo gobernu itunari
Ultraeskuindarrak ez dira agertu bilerara, Likudek jakinarazi baitu gobernuan ez dela lehen ministrorderik izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu