Suediara bueltatzeko geroz eta gutxiago falta zaio Wikileaksen sortzaile Julian Assangeri. Londresko Auzitegi Nagusiak Assangeren helegitea ezeztatu, eta Suediaren estradizio eskaera onartu du. Otsailean erabaki zuten Assangeren estraditazioa. Wikileaksen sortzaileak hamalau egun dauzka orain Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko, baina Auzitegi Nagusiak baimena eman behar dio aldez aurretik. Ezezkoa emanez gero, hamar egun barru Suediara estraditatuko dute Assange.
Auzitegi Gorenekoa da Assangeren azken aukera. Auzitegiak helegitea atzera botatzen badu, Wikileaksen sortzailea ihesbiderik gabe geldituko da. Assangen abokatuek adierazi dute oraindik ez dutela erabaki helegitea jarriko duten edo ez, baina 22.000 euroko zigorraren aurka egingo dutela esan dute. Erresuma Batuak 2010eko abenduan atxilotu zuen Assange, eta orain arte aske egon da, bermea ordainduta. Egunero polizia etxean aurkeztu beharra dauka Assangek, eta eskumuturreko elektroniko bat darama.
Suediako Fiskaltzak Assange atxilotzeko euroagindua jarri zuen 2010ean, bi emakume suediarrek bortxatu zituela salatu ondoren. Wikileaksen sortzailearen abokatuek adierazi zuten hura Suediara bidaliz gero handik AEBetara estraditatzeko eta Guantanamoko espetxera eramateko «benetako arriskua» zegoela.
Bitartean, Assangek Wikileaks sarea kendu du «denbora batez», finantza arazoak direla eta. Izan ere, AEBetako zenbait taldek sarea boikotatu zuten, eta Wikileaksera bidalitako diru laguntza guztiak blokeatu. Horrela, Visa, Mastercard, Paypal, Western Union eta Bank of Americak sarearen finantza iturriak ezabatu dituzte.
Assangek 2006tik, Wikileaks sarea sortu zuenetik, gutxienez ezkutuko 250.000 dokumentu diplomatiko azaleratu ditu, batez ere AEBei lotuak. Esate baterako, 2010eko uztailaren 25ean Afganistango gerraren inguruko ezkutuko 91.000 dokumentu argitaratu zituen. Hilabete eskas geroago, Suediako Fiskaltzak bi emakume bortxatu izana leporatu zion Assangeri.
Eguneko 24 orduetan lan egiten zuten dozena bat langile zituen, 800 kolaboratzailerekin batera. Hasieran, Wikileaksek ez zuen esan «erregimen zapaltzaileei» aurre egiteko sarea nork zuzentzen zuen. Munduko bost komunikabidek argitaratu zituzten sarean atxikitako dokumentuak: The Guardian, The New York Times, Le Monde, El Pais eta Der Spiegel egunkariek. Wikileaks itxi baino hilabete batzuk lehenago, abuztuan hain zuzen ere, sareak AEBetako ezkutuko 230.000 kable diplomatiko argitaratu zituen, anonimotasuna errespetatu gabe.
Zigorren gainetik
Assangek adierazi du Wikileaks itxi arren beste webgune bat sortzen ari direla eta laster hasiko direla berriz ere lanean. Dena den, Suediara estraditatzen badute, proiektuak ezingo du aurrera egin. Assangek adierazi du ez duela kontrako inolako kargurik, eta azaldu du Suediak egindako salaketak ez direla delitu Erresuma Batuan.
Assange ez da zigortu duten Wikileakseko langile bakarra. AEBek Bradley Maning Iraken izandako soldadu estatubatuarra atxilotu zuten 2010ean, Wikileaks sareari milaka kable diplomatiko emateaz akusatu ondoren. AEBek «etsaiari lagundu izana» leporatu diote, eta auzitegi militar batean epaituko dute.
Julian Assange Suediara estraditatzea onartu du Erresuma Batuko Justiziak
Wikileaksen sortzaileak hamalau egun dauzka erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko Auzitegi Gorenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu