Kataluniako PROZESU SUBIRANISTA

Junqueras: "Hurrengo legealdiak estatu berri baten konstituzioa osatzeko balio behar du"

Irailaren 27rako deitu ditu Masek hauteskundeak, ERCrekin eta erakundeekin adostuta. Zerrenda banatan aurkeztuko dira Kataluniako alderdi subiranistak, programen oinarria adostuta. ERCk aurrekontuak onartzen lagunduko dio gobernuari.

ERCko buru Oriol Junqueras, Artur Masekin bildu ostean, atzo. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Samara Velte.
2015eko urtarrilaren 15a
08:31
Entzun

Data jarri dio ERCko buru Oriol Junquerasek Kataluniaren independentziari, 2016a: "Hurrengo legealdiak konstituzio berri bat osatzeko balio behar du, estatu berri baten Konstituzioa, errepublikarena". ERCko buruak azaldu duenez, alderdi subiranistak bozak irabaziz gero, estatu berria aldarrikatuko lukeen Parlamenta eta Gobernua osatzea litzateke hurrengo urratsa, nahiz eta horretarako "Estatu espainiarrak jarritako oztopoak gainditu behar izan".

Hauteskundeetara deitzeko akordioa lortu eta biharamunean egin ditu adierazpenok Junquerasek. Artur Mas presidenteak jarri zuen data: irailaren 27a. Garrantzi sinboliko handia duen eguna dela gogorarazi du Generalitateko jauregitik: «Urtebete izango da horma hauexen artean [azaroaren 9ko] galdeketarako deialdia sinatu nuenetik. Irailaren 27an, berriro deituko ditugu katalanak hautestontzietara». Kanpaina, berriz, egun ezin esanguratsuagoan hasiko da: Kataluniako Diadan.

Iluntzean, azken unean iragarritako prentsaurreko batean eman zituen Masek azalpenok. Aurretik, bost ordu baino gehiago igaro zituen Oriol Junqueras ERCko buruarekin, Carme Forcadell ANC Biltzar Nazional Katalanekoarekin, Omnium Culturaleko Muriel Casalsekin eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko Josep Maria Vila d'Abadalekin bilduta, prozesu independentistaren geroaz eztabaidan. Espektatibak ilunak ziren bilera hasi zenean: azken egunotan hauteskundeei buruzko negoziazioak trabatuta zeuden, eta alderdi subiranistetako ordezkarien tonutik ere ondoriozta zitekeen euren arteko harremana gaiztotuta zegoela. Presidenteak gaurko deitua zuen, berez, agerraldia, bere erabakien berri emateko. Orain, azaroaren 9a baino lehenagoko «adostasuneko klima berreskuratu» dutela esan du Masek: «Zorionez, gaur esan dezakegu batasuneko ituna berregitea lortu dugula. Hori seinale ona da, esan nahi duelako hurrengo urratsak ez ditugula erabakien bidez hartuko, baizik eta akordioetatik helduko direla».

Azken emaitza, ordea, gertuago dago presidentearen asmoetatik, ERCk hasieran eskatzen zionetik baino. Masek azaldu duenez, zerrenda bereizietan aurkeztuko dira alderdi subiranistak bozetara, «bakoitzak ahalik eta hautagaitza onena osatuta», baina prozesu politikoari buruzko bide-orri bat adostuko dute lehenik. «Alderdiek euren programetan txertatuko dute, eta ez da soilik puntu bat izango, programen bizkarrezurra baizik». Akordio hori «oso aurreratuta» dago zenbait indar subiranisten artean, «baita ERC eta CDC ez direnetan ere»; UDCk ere babestuko lukeela iradoki du Masek.

Bozak irailean izan daitezen, abuztuan desegin beharko da parlamentua. Ordura arte, «estatu egiturak» eraikitzen jarraituko dutela iragarri du Masek, batez ere «atzerri ekintzari» eta agenda propioari dagozkionak; besteak beste, Gizarte Segurantzarako sistema propioa sortzeko. Ordura arte, ERCk gobernuari egonkortasuna bermatzen lagunduko dio, eta bizpahiru egun barru ekingo diote berriz 2015eko aurrekontuei buruzko negoziazioei.

«Prozesu politikoa arrakastatsua izan dadin, beharrezkoa da batasuneko paktua berregitea, eta akordioaren kultura sortu behar da berriz», esan du Masek. Onartu du atzoko bileraren aurreko konfrontazioari eutsi izan baliote, prozesuari «egun gutxi» geratuko zitzaizkiola. Adostutako formulaz galdetuta, aurpegi serioarekin erantzun du: «Begira, hobea da akordio hau, adostasunik sortzen ez duen beste edozein ideia baino, hura distiratsua izanda ere. Azaroaren 9ak ere ez zituen inoren idealak betetzen, baina akordioa lortzeko balio izan zigun. Horregatik izango da hain beharrezkoa bide-orri hau adostea».

«Orain data bat daukagu»

Masek uko egin dio alderdien arteko zerrenda nazionalari; Junquerasek, berriz, hauteskundeak martxoan ez izatea onartu du. Azken egunotan akordiorako «behar den guztia» egiteko prest agertu da ERC, eta azkenean lortu dutena defendatu du, orain, Junquerasek: «Itun hau hobea da, botoa ematea ahalbidetzen digulako. Bestela ez legoke hauteskunderik». Oraingoan, bozak «independentzia egiteko» izango direla nabarmendu du: «Orain data bat daukagu, eta horrek balioko digu independentziarako hobeto prestatzeko».

ERCk Generalitateko aurrekontuak onartzen lagunduko dio CiUri, eta hauteskundeetara bitartean babesa ematen jarraituko du: «Behin baino gehiagotan egin dugu gobernuan sartzeko eskaintza. Presidenteak erabakitzen badu gure presentzia baliagarria dela, gu elkarlanerako prest gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.