Espainiako Justiziak beren eskubideak ez dizkietela bermatu iritzita, nazioartean babesa eskatu dute Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetu eta parlamentari hautatuak, Jordi Sanchez ANCko presidente eta parlamentari hautatuak eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak.
ANCk eta Omniumek prentsaurrekora deitu dute Londresen, eta, han jakinarazi dutenez, hiru espetxeratuek salaketa aurkeztu dute NBE Nazio Batuen Erakundearen atxiloketa arbitrarioen aurkako lantaldean.
Junquerasek, Sanchezek eta Cuixartek Ben Emmerson abokatu britainiar ezaguna kontratatu dute nazioarteko defentsa lanetarako. Emmerson aditua da giza eskubideen alorrean eta nazioarteko zuzenbidean, eta hainbat auzi ezagunetan parte hartu du. Esaterako, Maria Litvinenko Alexander Litvinenko polizia errusiarraren emaztearen abokatua izan zen, hark senarra pozoindu zutela salatu zuenean. Horrez gain, Moazzam Begg Guantanamoko espetxean preso egondako herritar ingelesaren abokatu ere izan zen.
Emmersonen iritziz, Junqueras, Cuixart eta Sanchezen espetxeratzea "onartezina" da. Abokatuak salatu du bere bezeroei elkartze, adierazpen, iritzi politiko eta bizitza publikoan parte hartzeko eskubideak urratu zaizkiela. Ukatu egin du gainera sedizio eta matxinada delituak Espainiako Estatuan epaitzen ari diren moduan Europako Batasuneko gainontzeko estatuetan existitzen direnik.
Espetxeratuek indarkeriarik ez dutela erabili nabarmendu du Emmersonek. Haren esanetan, Espainiako Estatua "printzipio demokratikoak" urratzen ari da. Espainiako Gobernuaren ekintzak "aurrekari arriskutsua ezartzen dute mundu osoan, protesta baketsuak egiteko eskubidearen aurka", ohartarazi du. Emmersonen arabera, defentsaren argudio nagusietako bat izango da ezin dela espetxea erabili baketsuak diren mugimendu edo diskurtsoak ezabatzeko".
NBEren lantaldeak aste edo hilabeteetako epean erantzun beharko lioke eskariari, Emmersonen esanetan. Abokatuak azaldu duenez, NBEren lantaldeak hurrengo egunetan jakinaraziko dio Madrili salaketaren berri, eta hainbat adituk Junqueras, Sanchez eta Cuixarten egoera aztertuko dutela adieraziko dio. Lantaldearen txostenak ez dira lotesleak, baina garrantzi handikoak izaten dira nazioarteko auzitegientzat.
Llarenak ikertu gehiago
Haiek preso dituen auziak handitzen segitzen du, ordea. Gaur jakin da, Pablo Llarena epaileak deklaratzera deitu dituela Artur Mas lehendakari ohia, Ana Gabriel CUPeko bozeramaile ohia eta Marta Rovira ERCkoa. Haiez gain, auzitegira deitu ditu CUPeko Mireia Boya, PDeCat-eko Marta Pascal eta Independentziaren aldeko Udalek elkarteko Neus Joveras.
Ikertu egingo ditu guztiak, eta otsailaren erditik aurrera joan beharko dute deklaratzera. 14rako deitu ditu Gabrie leta Boya; 19rako Pascal eta Rovira; eta 20rako Mas eta Joveras. Duela gutxi kaleratu zuen autoa haiek ikertuko zituela esanez. Jende gehiago ere ikertuko du, baina gainerakoei ez die egunik jarri, oraingoz.