Junta Militarraren agintea bermatuko duen dekretua sinatu dute Mauritanian

Estatu kolpea gaitzetsi dute giza eskubideen aldeko taldeek, justizia eta bakea mehatxatzen dituela argudiatuta

Miren Manias.
2008ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Mauritaniako Junta Militarrak agintean jarraitu ahal izateko dekretu konstituzionala sinatu du. Horren bidez, Mauritaniako militarrek Gobernuan jarraitzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Junta Militarreko kideek hauteskundeak egin bitartean segurtasun indarren eta armadaren erabilera arrazoitu dute, estatuaren funtzionamendua bermatzeko. Dekretua Junta Militarreko kideak bildu ostean onartu dute.

Hauteskundeak «lehenbailehen» egingo dira, erabakiaren arabera. Noiz, ordea, ez dute zehaztu. Hala ere, Junta Militarreko presidenteak, Mohamed Uld Abdelazizek, instituzio guztien ardura duela dio dekretuak. Alegia, bozen bidez aukeratutako Gobernuak izango lituzkeen ardura berdinak. Are gehiago, azaldu dute instituzio guztiek beren eskumenak izaten jarraitzen dutela, egun. Gainera, armadaburua hauteskundeetako hautagaietako bat izatea ez dute baztertzen.

Dekretu konstituzionalak Parlamentuaren funtzionamendua oztopatzen duen edozeren kontra egitea onartzen du. Izan ere, botere publikoen funtzioa eta espero diren hauteskundeak «gardentasunez» burutu behar dira, dekretuan hitzartutako erabakiek horien kontra egiten ez dutela bermatuz. Horrez gain, 1991. urteko Konstituziotik militarrek sinatutako dekretuaren kontra egiten duen edozer aldatzeko aukera jasotzen du testuak. Hori guztia gainbegiratzeko, Junta Militarra hilean behin elkartuko da.

FONADHek, Giza Eskubideen aldeko Nazio Erakundeek, militarrek pasa den asteazkenean egindako estatu kolpea gaitzetsi dute, demokrazia, justizia eta bakea mehatxatzen dituela argudiatuz. Demokraziaren eta herriaren interesen alde, FONADHek Zuzenbidezko Estatura itzultzeko deia egin die Mauritaniako agintariei.

Presidente ohiaren alde

Jahia Uld Ahmed el Uakef Mauritaniako lehen ministro ohiak presidentearen aldeko kanpaina egingo du. Horrela adierazi du Uld Ahmed el Uakefek militarrek aske utzi eta gero. Kanpaina presidentea Gobernura itzultzeko egingo duela dio. Gainera, bake akordioa lortzeko elkarrizketak egiteko prest agertu da. Presidentearen osasuna ona dela esan du, eta, presoaldian ondo tratatu dituztela gehitu.

Dagoeneko herrialdea bitan banatu da: militarren aldekoak eta presidentea itzultzearen aldekoak. Bozak egin bitartean, Afrikako Batasunak Mauritania alde batera utziko duela iragarri du. Frantziako Gobernuak, ordea, giza laguntzarako ez diren proiektuak bertan behera utziko dituela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.