Emaitzen biharamunean, Junts Pel Sik iragarri du, independentziaren bidean aurrez hitzartutako bide orrian adosturikoari jarraiki, Artur Mas aurkeztuko dutela presidentegai izateko. Hori lortzeko helburuz, CUPekin elkarrizketak hasiko dituztela esan dute. Alabaina, CUPeko Antonio Baños zerrendaburuak iragarri du ez dutela Mas babestuko. Raul Romeva zerrendaburuak esan du prozesuarekin aurrera jarraituko dutela, "ondorio guztiekin eta inolako beldurrik gabe, norabide horretan jarraitzeko zilegitasuna inoiz baino handiagoa delako". Juntsek Espainiari gogoeta bat egiteko eskatu dio, eta hitz egiteko gogoz daudela gaineratu du.
CUPek aitortu du atzokoan ez zutela plebiszitoa irabazi, eta, horrenbestez, ezin dute aldebakarreko independentzia aldarrikatu. Hala ere, indepentziaren aldeko eserlekuak gehiengo direla azpimarratu du. Antonio Bañosen ustez, atzo zen soilik autonomismoarekin hautsi; status quo-arekin hausteko mandatua jaso zutela nabarmendu dute. Bide horretan ez deritzote egoki Mas berriro ere presidente izatea. Kanpainan bertan gauza bera esan zuten. Masek berak esan du garrantzitsuena ez dela nor den presidentegai, "baizik eta 72 diputatuk elkarrekin egitea proiektuaren alde".
Igandean emandako botoen %100 zenbatuta, Junts Pel Sik CUPen babesa beharko luke Mas presidente izatea nahi badu. 62 eserleku lortu dituzte, eta CUPenak alde batera utzita, beste alderdiek (Cs, PSC, CSQP eta PP) bat gehiago izango lukete, 63. Igandeko botoei, baina, atzerrian emandakoak gehitu behar zaizkio eta horiek biharko egongo dira zenbatuta. Boto horien arabera, baliteke eserleku bat gehiago lortzea Junts Pel Sik. Hala balitz, eta Cs, PSC, CSQP edo PPren bizkar 63 parlamentari izatea iritsiko balitz, gehiengo sinplea izango luke. Ondorioz, presidentegaiaren inbestidura saioan, bigarren itzulian, nahikoa lirateke euren aldeko botoak —eta CUPen abstentzioa— Artur Mas presidente izendatzeko.
"Kataluniaren eta baiezkoaren garaipena"
Edozein kasutan, Kataluniako hauteskunde hauetan Espainiatik independente bihurtzea babestu duten zerrendek gehiengo osoa izango dute parlamentuan, eta gehiengo horrekin Katalunian independente egiteko prozesuak aurrera jarraituko du. Hala adierazi dute Junts Pel Siko ordezkariek, hauteskundeak irabazi ostean egin duten agerraldian. Parte-hartze altuak erakutsi du ezohiko hauteskundeak izan direla Kataluniakoak, eta Junts Pel Siren ordezkariek emaitzen irakurketa hori egin dute: independentziak irabazi duela, kataluniarrek baietz bozkatu dutela, eta alde bakarretik bada ere bide orriari eutsiko diotela.
Gainera, iazko azaroaren 9ko galdeketan baino boto gehiago jaso dituzte. Junts Pel Sik eta CUPek orain 1.957.348 boto jaso dituzte (igandean emandakoen %100 zenbatuta), eta iaz independentziaren aldeko aukerak, baiezko bikoitzak, 1.861.759. Botoetan garaipena argia da Catalunya Si Que es Poten eta Unioren botoak unionisten artean zenbatzen ez badira. Bi zerrenda horiek ez dira independentziaren alde agertu, baina erabakitzeko eskubidearen alde daudela adierazi dute. Modu horretan zenbatuta independetziaren aldekoek 1.957.348 boto dituzte (%48), eta unionistek,1.605.563 (%39,4). Tartean CSQPen eta Unioren 469.364 botoak geratzen dira (%11,5).
Artur Masek egin duen agerraldian independentziaren aldekoen garaipena aitortzeko eskatu du. "Hurrengo asteetan estatu independente horren oinarriak jartzea egokitu zaigu", adierazi du Junquerasek. Ez dirudi, ordea, hala izango denik. Efe albiste agentziak hauteskunde gauean aurreratu du Espainiako Gobernuko informazio iturriak aipatuz horrentzat "Masek porrot egin duela bere estrategia sezesionistarekin" (62 eserleku eta botoen ia %40 eskuratu ditu Junts pel Si-k), eta Rajoy biharamunean egin duen balorazioan orain arteko diskurtsoari eutsi dio. Zerbait egin behar dela babestu dute hauteskunde hauetan independentziaren alde argi eta garbi agertu ez diren eragileek ere, PP, Ciutadans, Unio eta Podemos, besteak beste. Espainiko Gobernuak nahikoa lan izango du tesi horri eusten nazioarteko prentsak ere independentismoaren garaipena azpimarratu baitu.
Independentistek gehiengo osoa (68 eserleku) erraz gainditu dute, eta gutxienez 72 eserleku izango dituzte parlamentuan (atzerriko botoak zenbatzeke). Garaipen hori, ordea, ez da botoetan nahi bezala gertatu. Beraz, independentzia argi eta garbi defendatu dutenek gehiengoa izango dute eserlekuetan, baina ez botoetan, beti ere Catalunya Si Que Es Pot-en botoak unionistei gehitzen bazaizkio, lehen aipatu bezala. Junqueras ERCko buruak hauteskunde gauean bertan azpimarratu du botoetan ere irabazi dutela independentistek. Nabarmendu behar da, gainera, Lluis Rabell CSQPen zerrendaburua galdeketa baten alde mintzatu dela kanpainan, Kataluniari subirautza aitortuz. Igandeko emaitzak, eserlekuetan hauek dira:
JxSi: 62
Cs: 25
PSC: 16
PP: 11
CSQP: 11
CUP: 10
UDC: 0
Junts pel Si-ren egoitzan gaueko 22:00ak pasatuta agertu dira Raul Romeva zerrendaburua, Artur Mas CDCkoa eta Junqueras ERCkoa. Boto zenbaketa %80ean zen, baina garbi adierazi dute independentziaren aldeko aukerak irabazi duela. Romevak garbi esan du: "Baiezkoak irabazi du, eta ez ezezkoak". Junquerasek esan du aurrera egiteko behar duten gehiengoa lortu dutela. Masek, berriz, esan du eurek porrota onartuko luketen bezala onartu behar dutela besteek "Kataluniaren garaipena, baiezkoaren garaipena". Kataluniako banderaz josita agertu dira Junts pel Si-ren jarraitzaileak ekitaldira. "Herri bakar bat", oihukatu dute. Lau lurraldeetan eta eskualde guztietan irabazi du CDC eta ERCren zerrendak, eta guztira, 906 herritan. CUPek herri batean irabazi du.
CUPen egoitzan ere pozik agertu dira jarraitzaileak. Giltza izango du. Nabarmendu behar da CUPek botoetan ere nahi zuela irabaztea independentismoak gaurko bozetan independentzia alde bakarretik aldarrikatzeko, eta ez dela hala izango; "oraingoz" baztertu egin dute aukera hori. Junts pel Si-k CUPen babesa beharko du, beraz, zuzenean ez bada ere, zeharka, abstentzio bidez. Antonio Baños CUPeko zerrendaburuak gai sozialak ukituz hasi du hauteskunde gauean emaitzen balorazioa eta esan du ez dutela murrizketa gehiagorik nahi, ez dutela pobrezia gehiago nahi. Garbi utzi du gero igandean Katalunia autonomikoaren "heriotza agiria" sinatu dutela eta biharamunean Kataluniako errepublika jaioko zela. Bere hitzetan kataluniarren gehienegoak "[Franco] diktadorearen ondorengo statu-quo-aren aurka" agertu da, eta, bide batez, 1975eko irailaren 27an afusilatuak oroitu ditu, horien artean, Txiki eta Otaegi.
Ciutadans, bigarren indarra
Bigarren indarra Parlamentuan Ciutadans izango da. Aurreko legealdian 9 parlamentari zituen eta orain 25era iritsi da. Prest agertu da independentistak gobernutik kentzeko zerrenda gobernu unionista bat aurkezteko, eta Masen dimisioa eskatu du, hori zerrendaburu ez izan arren. Urrutiko aukera edo ia ezinezkoa dirudi horrek, aurrera egiteko CSQPen botoak beharko lituzke-eta, Junts pel Si gainditzeko. Ciutadans-en atzetik PSC geratu da; sozialistek lau parlamentari galdu dituzte, baina hirugarren indar izatea lortu dute, CSQPen aurretik.
Podemosek babesten zuen Catalunya Si Que Es Pot zerrendak pott egin du, eta hauteskunde gaueko egoitzan ikusi diren aurpegiek dena zioten zentzu horretan. Hala ere, inon triste badaude Unioren egoitzan da. Izan ere, orain arte Katalunian agintean egon den alderdia parlamentutik kanpo geratuko da, botoen %3ra ere iritsi gabe. Ondorioz, Duran i Lleidak bere kargua zuzendaritzaren esku utzi du. Ramon Espadaler hautagaiak Espainiako Gobernuari eskatu dio ez gutxiesteko independentisten emaitzak. PPk emaitza txarrak aitortu ditu.