Ukraina

Jushtxenko dioxinekin pozoindu zutela baieztatu dute medikuek

Viktor Jushtxenko Ukrainako presidentziarako oposioko hautagaia pozoindu egin zutela baieztatu dute gaur Austriako Rudolfinerhaus erietxean aztertu dute medikuek; zehazki, dioxinak eman zizkiotela erantsi dute. Jushtxenkok azkenaldian izan dituen osasun arazoak medio —bizkarreko min handiak jasan ditu eta aurpegia desitxuratu zaio— guztiz zabalduta zegoen pozoinketaren zurrumurrua. Irailean Austriako erietxe horretan bertan artatu zuten ondoezik zegoela eta.

2004ko abenduaren 11
16:23
Entzun
Atzo berriro ingresatu zuten Rudolfinerhaus erietxean, azalpen ofizialen arabera, ohiko azterketa bat egiteko, eta gaur baiztatu dute ospitale horretako medikuek Jushtxenko pozoindua izan dela.

"Dioxina kontzentrazio izugarria du gorputzean", agertu du medikuen buruak. Ziur aski, ahotik hartutako sustantziaren baten bidez pozoindu zutela erantsi du. Nolanahi ere, Jushtxenkok asko egin duela hobera nabarmendu du: "Gibelaren funtzionamendua normaltasunera itzuli da, eta, oro har, hobekuntza izugarria egin du", adierazi du.

Joan den irailaren 10ean Ukrainako oposizioaren buruzagia Austriako erietxe horretan ingresatu behar izan zuten ondoezik zegoelako. Astebetez egon zen han, eta fisikoki guztiz aldatuta irten zen: paralisien ondorioz aurpegia desitxuratu egin zitzaion eta pinporta ugari irten. Gainera, harrezkero, bizkarreko min handiak izaten ditu.

Aurkari politikoek Jushtxenko alkoholismoaren eta gaitz kroniko baten ondorioak pairatzen ari zela zabaldu zuten; bere inguruak, berriz, pozoinketaren hipotesia zabaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.