Ezinezkoa da inora garaiz iristea Tripolin. Amesgaiztoko zirkulazioak ez ezik, ehunka errefuxiatuk ere hartu dute Tripoliko erdigunea gaur goizean [atzo]. Negarrez dago jendea, haserre, elkarri irainka… eta asko, armatuta. Hari-harian dabilen hiria da Tripoli egun. Gizartea berreraikitzeko lanean ari da Fuad Ali Takbali TFA Tripoli Askearen Alde gobernuz kanpoko erakundeko burua, eta bere bulegoan hartu du BERRIA. «Azpiegiturak berreraikitzea erraza da; ez, ordea, gizarte ehuna», adierazi du iritsi berritan. Hortxe erronka.
Zer da Tripoli Free Aid?
Erbestean 26 urte egin ondoren, nire jendeari laguntzea bururatu zitzaidan matxinada piztu zenean. Martxoan hasi ginen lanean Djerban [Tunisia]. Libiatik zetozen errefuxiatuei laguntza ematen genien; elikagaiak, arropa, botika eta horrelako oinarrizko gauzak. Apirilean 200.000 libiar errefuxiatu zeuden, eta larrialdi izugarria bilakatu zen. Diru pribatuarekin finantzatutako erakundea da gurea, gehiena Alemaniatik datorrelarik. Libiatik kanpo izan arren, eraso bortitza jaso genuen bulegoan. Antza, Gaddafi 2.000 euro ordaintzeko prest zegoen ni akabatzeagatik.
Egun Tripolin ari zarete, ezta?
Bai. Erreboltariek Tripoli mendean hartu ostean ireki genuen bulego hau. Funtsean, Tunisian egiten genuen gauza bera egiten ari gara, baina Libian oraingo honetan. Oinarrizko laguntzaz gain, hainbat ekitaldi egiten ari gara jendearen arreta hainbat gairen inguruan gureganatzeko, hots, arma ugarien arriskuaz.
Bani Ualideko jendea laguntzeko egitasmo bat ere bidean duzue, ezta?
Setio eta arpilatze bortitzak jasandituzte berriki Beni Ualideko biztanleek, baina ez da erraza eurengana iristea. Harainoko bidea arriskutsua da oraindik. Joan zen astean, hain justu, elikagaiak zeramatzan konboi bat tirokatu zuten.
Libiaren arazo nagusia bilakatu al dira armak?
Zuk zeuk ikusiko zenuen armaz josita daudela Tripoliko kaleak, eta hori berebiziko arazoa da elkarbizitzarako. Bestalde, barruko desplazatuak dauzkagu: Surt, Bani Ualid, Tauarga eta Gaddafiri babesa emandako beste hainbat herritako jendea Tripoli kanpoaldean bizi da egun, errefuxiatu guneetan. Gehienek ezin dute etxera itzuli, etxea galdu dutelako edo, bestela, errepresalien beldur direlako. Oraingoz, 120 familia erroldatu dira, baina kopurua askoz ere handiagoa izango da, ziurrenik. Oraingoz lanean ari gara eraikin konpainia bateko barrakoietara joan daitezen negua iritsi baino lehen. Desplazatuak ditugu arazo agerikoenak, baina, agian, libiarron arteko mesfidantza dugu larriena. Mendekua da jende askoren helburua egun, eta baliteke horixe izatea oztoporik handiena aurrera begira. Azpiegiturak berreraikitzea erraza da; ez, ordea, gizarte ehuna.
Gerra bukatu da dagoeneko. Zergatik dabil horrenbeste jende armaturik kalean?
Esan bezala, jendea ez da elkarrekin fio. Misratarrak, zintandarrak, amazigak... denak bizi dira bizilagunaren beldur, eta inor ez dago prest armak itzultzeko. Beldur hura da, hain zuzen, Gaddafik bultzaturiko sentimendua boterean eman zituen berrogei urteetan. Aldi berean, gerlari batzuk oso gazteak dira, formaziorik gabeak asko, eta lanerako oso aukera gutxi dauzkate. Praktikan, armak erostea izango da gobernuaren aukera bakarra horiek eskuratzeko. Diru inbertsio itzela bezain beharrezkoa izango da.
NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionala gerra ondorena modu egokian kudeatzen ari dela uste al duzu?
Inondik ere ez. Atzerri politikari eman diote lehentasuna, eta euren jendea bazterrean utzi dute. Airera botatako promesa hutsak besterik ez dira haienak, eta, jada, inork ez ditu sinesten. Zilegitasuna egunetik egunera galtzen ari dira. Tamalez, egungo libiarrek konfiantza handiagoa dute europarrengan, esaterako, euren behin-behineko agintariengan baino.
Mustafa Abduljalil NTCko presidente ohiak «elkartasuna eta senidetasuna» nabarmendu ditu azken agerraldietan. Nolanahi ere, Gaddafiren ustezko jarraitzaileen kontrako abusu ugari salatu dira dagoeneko. Nola ikusten duzu egoera hori?
Bani Ualid, Abus Salim edota Tauargatik alde egindako jendea era guztietako erasoak jasaten ari da, batez ere beltzak. Aldi berean, tortura kasu ugariren berri izan dugu azken asteotan, haietako asko elektrodoen bidez. Atzerrian 26 urte egin ondoren, Gaddafiren ohiko metodoak oraindik indarrean ikusteak etsipen itzela sorrarazten dit. Justizia berehala ez bada egiten, Libia beste Afganistan bat bilakatuko da. Tripolik Libia osorako eredua beharko luke, baina errealitatea oso bestelakoa da: Aginterik eza gure hiria itotzen ari da.
Herritar batzuek begi onez ikusten dute Mendebaldea; beste batzuek, ordea, uste dute herrialdearen subiranotasuna arriskuan jartzen dutela. Zer diozu zuk?
Libiarron baliabide energetikoen ustiaketaz eta lapurretaz ari bazara, Gaddafiren garaian ere halaxe zela esango dizut, ez da hau egungo kontua. AEB, Italia, Frantzia… herrialde asko baliatu dira gure erregai merkeez, eta urte askoan. Desberdintasun bakarra hauxe da: Gaddafik Libia bakartu nahi zuela beste esparru guztietan, baina gaur harremanak sendotu nahi ditugu guk. NATOren parte hartzea dela eta, guk lagundu diogu hari, eta ez hark guri. Afganistanen galdutako ospea Libian berreskuratu du. Funtsean, NATOk aurpegia garbitu du gurekin.
Libia. Gaddafiren ondorena. Fuad Ali Takbali. TFA Tripoli Askearen Alde erakundeko arduraduna
«Justizia berehala egiten ez bada, Libia beste Afganistan bat bilakatuko da»
Desplazatuen kopuru izugarria kezkagarria da giza eskubideen aldeko ekintzailearentzat, baina batez ere libiarren arteko mesfidantzari deritzo arriskutsua, eta haiek dituzten armei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu