MUNDUA

"Justizia trantsizionala" proposatu du Santosek Kolonbiarako

Bakea zigorgabetasunaren truke lortu nahi duela dioten kritikei erantzun die Kolonbiako presidenteak.

2013ko maiatzaren 22a
11:07
Entzun

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko elkarrizketetan "zigorgabetasunaz" hitz egiten ari direla ukatu egin du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, eta horren ordez "justizia trantsizionala" proposatu du gatazkari irtenbidea topatzeko.

"Inork ez du zigorgabetasunaz hitz egin", esan du Santosek: "Trebeziaz, batzuk esaten ari dira ez direla bakearen etsaiak, zigorgabetasuna dakarren bakearen etsaiak baizik. Inork ez du zigorgabetasunaz hitz egin". Azaldu du Kolonbian ez dela posible zigorgabetasunik herrialde horrek nazioarteko hainbat hitzarmen sinatu dituelako.

"Justizia trantsizionala aipatu dugu, zeharo ezberdina dena eta Kolonbian bertan ezarri zena paramilitarrak desmobilizatzeko. Hortaz, ez dut ulertzen zer dela-eta dauden batzuk prozesuaren kontra mahai gainean ere ez dauden arrazoi batzuengatik", gaineratu du.

Hainbat datu ere eman ditu Santosek. Azaldu duenez, adituek uste dute Kolonbian bakea izanez gero %2 eta %3 artean haziko litzatekeela ekonomikoki.

Iazko azaroaz geroztik ari dira bake elkarrizketak egiten Kolonbiako Gobernua eta FARC, Habanan (Kuba).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.