Ezpatak zorrozten ari dira Pakistanen. Memogate auzia dela-eta gobernuaren eta armadaren arteko tentsioa gorenean den unean —militarrek estatu kolpea jotzeko mamua bizi-bizi dago— Justiziak ere Islamabaden aurka egin du: Auzitegi Gorenaren ebazpen bat ez betetzea leporatu dio Yusuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroari, eta hilaren 19an auzitegira joateko deia egin dio. Auzitegi Gorenak 2007an baliogabetu zuen NRO Adiskidetze Nazionalerako Ordenantza, eta beraz, Gilaniren gobernuak ustelkeria kasuetan nahasita zeuden politikarien kontrako neurriak hartu behar zituen. Atzo iraungi zen horretarako epea, eta gobernuak ez du neurri bakar bat ere hartu. Horregatik leporatu dio justiziak «ebazpena bete ez izana».
Pervez Musharraf Pakistango armadaburu eta presidente ohiak (1999t-2007) ustelkeria kasuetan eta bestelako delituetan nahasita zeuden politikariei amnistia ezarri zien bere agintaldiaren azken urtean, eta horietako asko egun gobernuko kideak dira. Ordenantza horri esker, esaterako, Pakistanera itzuli ahal izan ziren Benazir Bhutto lehen ministro ohia eta bere senar Asif Ali Zardari, egungo presidentea. 2007ko urrian bueltatu zen Pakistanera Bhutto, eta bi hilabete geroago hil zuten tiroz, mitin bat ematen ari zela.
2009an, ordea, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Musharrafen NRO ordenantza, gobernua ustelkeria kasuetan nahasitako politikari guztiak aztertzera eta euren kontrako neurriak hartzera behartuz. Azterketa horrek arriskuan jarriko lituzke egungo gobernuko eta oposizioko hainbat kargu —baita presidentea bera ere—, eta, horregatik, Islamabadek ez du ikerketa bakar bat ere abiatu. Ebazpena betetzeko epea amaitu den egun berean Auzitegi Gorenak auzitara eraman du Gilani.
«Ez da auzi axolagabea, eta ez da batere ohikoa», adierazi du Moula Bakhsh Chandio Justizia ministroak Auzitegi Gorenetik atera berritan. «Gure aditu taldearekin hitz egin behar dugu, eta beharrezko neurriak hartuko ditugu, konstituzioa eta legeak kontuan hartuta». Nolanahi ere, Gilanik baieztatu du hilaren 19an epaitegira joango dela, eta bere alderdiak «erabateko errespetua» diela erabaki judizialei.
Gilaniren kontrako neurria izan arren, Justiziaren helburua Zardari harrapatzea dela uste dute zenbait sektorek Pakistanen. Izan ere, hainbat ustelkeria eta hilketa kasutan nahasita egon zen presidentea 1990eko hamarkadan, eta RNO ordenantzaren amnistiak babestuta egon da orain arte.
Presidentearen kontrako neurririk hartu ez izana argudiatzeko Zardarik, bere karguari esker, immunitatea duela arrazoitu izan du behin eta berriz Islamabadeko gobernuak. Errudun joz gero, «teorian», lehen ministroa kartzelara joan daitekeela azaldu du Jalid Anwar Justizia ministro ohiak. «Baina ez dut uste horrelakorik gertatuko denik», gaineratu du. «Arriskua da, errudun joz gero, parlamentuko kide izateko gaitasuna galduko lukeela».
Parlamentuaren babesa
Justiziaren eta armadaren erasoengandik ihesi, parlamentuan bilatu du babesa gobernuak. «Demokraziaren aldeko ebazpena» bozkatzeko eskatu zion lehen ministroak atzo legebiltzarrari, eta aldeko botoa lortu zuen. «Demokraziarentzako egunik onena da gaur», adierazi du PPP Pakistango Herriaren Alderdiko gobernuburuak bozketaren ostean. Iragan ostiralean aurkeztu zuen testua gobernuak, eta ez da konfiantza galde ofiziala izan, diputatuek gobernua babesten dutela nabarmentzeko erakustaldia baizik.
Liga Musulmanak, oposizioko alderdi nagusiak, hainbat zuzenketa aurkeztu ditu parlamentuan, demokraziaren alde daudela erakusteaz batera egungo gobernuaren kontra daudela adierazteko. Oposizioak, izan ere, hilabeteak daramatza 2013ko hauteskundeak aurreratzeko eskatzen.
Armadaren haserrea
Bien bitartean, muturtuta jarraitzen dute gobernuak eta armadak. Atzo bertan, Memogate auziaren saioaldi berria zabaldu zuen Pakistango Auzitegi Gorenak. Iragan abenduaren 30ean auzia ikertzeko batzordea sortzeko eskatu zuen, eta atzo, oposizioko alderdiko buru eta lehen ministro ohi Nawaz Sharif, AEBetako enbaxadore ohi Husain Haqqani eta Mansur Ijaz enpresari estatubatuar-pakistandarra joan ziren deklaratzera.
Militarrek estatu kolpea emateko arriskuak gobernuari eragiten dion beldurra agertu du auziak. Pakistanen, hain zuzen, hiru estatu kolpe jo dituzte militarrek 1947an independentziaz geroztik: azkena 1999an jo zuen Musharrafek.
Ijaz enpresariak iragan azaroan esan zuenez, Haqqanik laguntza eskatu zion AEBetara agiri sekretu bat bidaltzeko. Testuak, ustez, armadak estatu kolpea joko balu Pentagonoaren laguntza izatea eskatzen zion Washingtoni. AEBek Osama bin Laden hil ostean hedatu zen estatu kolpearen beldurra Islamabaden. Agiria Pentagonora bidali zuela baieztatu du enpresariak, baina Islamabadeko gobernuak ukatu egin du horrelakorik, eta testuarekin loturarik ez duela adierazi du. Armadari, ordea, sinesgarria iruditu zaio idatziarena, eta kasua ikertzeko eskatu dio auzitegiari.
Azken astean, elkarren kontrako adierazpen gogorrak egin dituzte bi aldeek, eta zenbait adituren arabera justizia militarren mesederako ari da lanean. Iragan larunbatean «konstituzioaren kontra aritzea» leporatu zion lehen ministroak armadari, eta igandean, «adierazpen probokatzaileak» baztertzeko eskatu zion armadaburuak Gilaniri.
Justiziaren aginduak ez betetzea egotzi diote Pakistango buruari
Lehen ministroak Auzitegi Gorenean deklaratuko du hilaren 19an, politikarien ustelkeria kasuak ez aztertzeagatikParlamentuaren babesa jaso du gobernuak, «demokraziaren aldeko ebazpena» onartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu