Talibanek azken urteetan hotelen kontra egindako erasorik odoltsuena izan zen atzo Kabuldik hamabost bat kilometrotara gertatutakoa. Gutxienez 26 lagun hil dira talibanen eta militarren arteko borrokak harrapatuta, gehienak zibilak: zazpi erasotzaile, hiru segurtasun agente, polizia bat eta hamabost zibil.
Afganistango hiriburu kanpoaldeko Qargha lakuaren ur bazterretan dago Spozhmai hotela, eta kabuldar ugari joaten dira inguru horretara egun-pasa. Eguen gauean hasi zuten erasoa talibanek, eta ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek atzo eguerdian eman zuten bukatutzat. Hotelean 350 lagun inguru zeuden erasoaren unean, eta talibanek 25 lagun hartu zituzten gatibu. Talibanen bozeramaile Zabiula Mujahidek azaldu du zergatik egin duten erasoa: «Hotel barruan prostituzioa eta islamaren kontrako bestelako ekintza ugari egiten dituzte».
Hezat Mula da hotelaren jabea, Afganistango «gerrako jaun ohia» eta egungo legebiltzarreko diputatua. Hildako zibilen artean atzerritarrak daudela adierazi du Mujahidek, baina iturri ofizialek ez dute horrelakorik baieztatu. Halere, talibanek berretsi egin dute: «Ez dago zalantzarik hotelean atzerritarrak eta gobernuko goi kargudunak zeudela. Denbora luzea eman dugu hotela zaintzen».
Indarkeriaren gorakada
Afganistango Poliziaren arabera, erasotzaileek hainbat lehergailu eztandarazi zituzten eraikinaren barruan. Talibanak granada-jaurtigailuekin eta metrailetekin sartu ziren hotelera, Poliziaren arabera; militarrek, besteak beste, hainbat helikoptero erabili zituzten. Kabulen arabera, gorpuei lehergailuak jarri zizkieten talibanek, eta erasoa bukatu ostean lehergailu teknikariek aritu behar izan zuten inguru guztia arakatzen.
Hain zuzen ere, Hamid Karzai presidenteak Afganistango Parlamentuan zibilen heriotza kopurua «asko» jaitsi dela adierazi eta biharamunean gertatu da erasoa. Azken urteetan antzeko eraso ugari izan dira herrialdean. Iazko abuztuaren 19an, esaterako, Erresuma Batuko enbaxadari egin zioten eraso, eta hamabi lagun hil ziren; iazko ekainaren 28an, bestalde, 22 lagun hil ziren taliban talde batek Kabulgo Inter-Continental hotelari egin zion erasoan.
Ia urtebete da NATOko tropak Afganistandik erretiratzen hasi zirenetik, eta indarkeriak gora egin du harrezkero. Mendebaldeko potentzien aurreikuspenen arabera, segurtasunaren kontrol osoa Kabulen esku geratuko da 2014. urterako.
Kabulen 26 lagun hil dira talibanek hotel bati eraso egin ostean
Afganistango presidenteak zibilen hilketak «asko» gutxitu direla esan eta hurrengo egunean izan da erasoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu